Sakandarrek ibarra ezagutzeko ibilaldia antolatu zuen Mintzakidek iganderako. Zehazki, Etxarri Aranazko “altxorrak ezagutzera” gonbidatu du. Beheko basoan eginen den ibilaldiaren bidez zista, harrobi bat, txondor plaza eta errotarria ezagutzeko aukera izanen dute ibiltariek. Parte hartzen dutenek euskara praktikatzeko aukera izanen dute. Hori baita ibilaldiaren helburu nagusia: oinezkoek dakiten euskara praktikan jartzea. Horrela, euskara jakin baina hitz egiteko gaitasun edo ohitura gutxi duten pertsonei hitz egiteko aukera eman nahi zaie.
Halako irteerak hilero antolatzen ditu Mintzakide. Aurrenekoa lastailaren 31n izan zen. Orduan Hiriberri Arakil eta Egiarreta arteko bidea egin zuten. Ibilbidearekin eta udazkenak eskaintzen duen ikuskizunarekin gozatzeko aukeraz aparte, Itxasperriko ermita eta Jose Cruz Arbillaren fosil bilduma ezagutzeko aukera izan zuten. Hileroko hitzordu horiek Sakanako mintzakideak elkar ezagutzeko modua ere badira.
Baina Mintzakide programa hilean behin eginen diren jarduerak baino gehiago da. Euskara praktikatu nahi duten pertsonak eta dakien bat elkartzen ditu, astean behin, ordu batez. Talde txikiak dira, hiruzpalau pertsonez osatuta. Eta gustatzen zaiena egiteko elkartzen dira: kafea edan, paseatu, mendira joan, bizikletan ibili… Euskara praktikatzen interesa dutenek 600 482 024 telefono zenbakira hots egin edo Whatsapp mezua bidali dezakete. Izen ematea dohainik da.
Herria | Eguna | Ordua | Tokia |
Irurtzun | Asteartea | 18:00 | Iratxo elkartea |
Ostirala | 09:00 | Pikuxar | |
Ostirala | 19:00 | Pikuxar | |
Lakuntza | Osteguna | 18:00 | Tokiz txandakatzen da |
Arbizu | Osteguna | 18:00 | Juanito taberna |
Iturmendi | Astelehena (bi astean behin) | 19:00 | Aritzaga elkartea |
Altsasu | Astelehena | 16:00 | Koxka |
Osteguna | 10:00 | Kukuerreka elkartea | |
Osteguna (bi astean behin. Euskalkia praktikatzeko) | 20:00 | Lezea | |
Ostirala | 09:00 | Kaixo | |
Ziordia | Ostirala | 16:00 | Liburutegia |