Pala

Palistak Sakanara begira

Guaixe 2021ko aza. 26a, 12:15

Gure Pilota Etxarri Aranazko eskolako astearteko entrenamendua.

Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoa larunbatean hasiko da, Etxarri Aranatzen. 70 palista inguru lehiatuko dira, tartean Euskal Herriko onenak, eta bi mailatan jokatuko da, Gaztetxoen eta Helduen mailan. Finalak abenduaren 25ean eta 26an izanen dira

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Etxarri Aranazko Gure Pilota Klubak emakumezkoen pala sustatzeko lan nekaezina egiten jarraitzen dute, eta horren isla, aurten Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoa jokatuko da, hainbat entitateen laguntzarekin. Beraz, 17 urte luze emakumezkoen pala sustatzen, eta urte askotarako izan dadila. 

Torneoa bi mailatan jokatuko da: Gaztetxoak (Tximeletak, Pottokak, Usoak, Kattagorriak eta Txitoak) eta Helduak (Lehen Maila eta Eliteak). Gaztetxoen mailan 40 palista lehiatuko dira; palista harrobi bikaina dagoenaren seinale. Helduen mailan, ohi denez, egungo palistarik onenak lehiatuko dira. Partidak azaroko eta abenduko asteburuetan jokatuko dira, Gaztetxoen mailakoak larunbat goizetan, Lehen Mailakoak larunbat arratsaldetan eta Elite mailakoak igande goizetan edo palisten agendak ahalbidetzen duenean. Final handiak Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan jokatuko dira, abenduaren 25ean eta 26an. 

Elite mailako bikoteak ondokoak dira: Irati Saragueta-Ariane Arrieta, Maider Ardanaz-Miriam Arrillaga, Uxue Murillo-Itsaso Erasun, Amaia Espinal-Maider Mendizabal, Leire Galdos-Maider Huici eta Amaia Irazustabarrena-Irati Igoa. Lehen mailakoak, hurrenak: Maider Saralegi-Ane Kerejeta, Uxue Agirre- Olaia Eizagirre, Olatz Zulaika-Naroa Otxoa, Enara Mazizior-Izar Parot, Saioa Bengoetxea-Paula Gorostiaga, Miren Errea-Maitane Villanueva eta Nahia Eizmendi-Andrea Lusarreta. Beste behin, Sakanakoa goi mailako txapelketa izango da. “Federazioek antolatutako txapelketaz aparte gure txapelketa Euskal Herriko onena denik ez dizut esango, baina bai lehendabiziko hiru onenen artean dagoela” dio Etxarri Aranazko Gure Pilota Eskolako pala arduradun Miguel Angel Aristorena Lakuntzak. Aipatutakoei kategoria txikietako 45 palista inguru gehitu behar zaie. 

Miguel Angel Aristorena: “Gure txapelketak sekulako maila du, eta urtetik urtera gora doa”

Aristorenak dio “maila izugarria” dagoela
Aristorenaren esanetan “maila izugarria” izango du txapelketak. “Urtero esaten dut berdina, gure txapelketak sekulako maila duela, baina egia da. Eta urtetik urtera gora doa. Hunkitzen naiz. Palistak gure txapelketara oso gustura etortzen dira, bikote orekatuak egiten saiatzen garelako. Normalean gure txapelketako partidak oso estuak izaten dira, tanto diferentzia gutxikoak, oso lehiatuak. Euskal Herriko palista finenak daude, eta batzuk kanpoan geratu behar izan dute, toki faltagatik, azpiegiturak ez duelako gehiagorako ematen” azaldu du. 

Faboritoak zeintzuk diren galdetuta, ez du batere argi. “Izen handiak daude, zerrenda irakurtzearekin batera ikusten da. Izena gauza bat da, baina gero partidak jokatu behar dira eta uste dut oso estu egongo dela”. Beraz, Sakanakoa txapelketa irekia izango da, eta palaz gozatzera eta palistak animatzera frontoira joateko deia egin du antolakuntzak.

Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoa. Lehen Jardunaldia
Azaroak 27, larunbata, 16:00etan, Etxarri Aranatzen:
Lehen Maila: Olatz Zulaika-Naroa Otxoa / Enara Mazizior-Izar Parot
Lehen Maila: Maider Saralegi-Ane Kerejeta / Uxue Agirresarobe-Olaia Eizagirre

Azaroak 29, astelehena, 19:00etan, Etxarri Aranatzen:
Eliteak: Amaia Espinal-Maider Mendizabal / Amaia Irazustabarrena-Irati Igoa

Miguel Angel Aristorena: “Faboritoak? Izen handiak daude, baina gero partidak jokatu behar dira”