Pilota

Elezkanoren eta Zabaletaren garaipen borrokatua

Guaixe 2021ko aza. 29a, 10:35

Elezkanok eta Zabaletak Binakako Txapelketako euren bigarren puntua lortu dute, Irribarriaren eta Rezustaren kontra bikain eutsi eta gero (22 eta 16). Ezkurdia-Tolosak eta Altuna-Martijak bihar, asteartea, jokatuko dute, Eibarren

Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatzen ari da. Atzo, igandea, partida ikusgarria eskaini zuten Eleznakok eta Zabaletak, batetik, eta Irribarriak eta Rezustak, bestetik. Guztira 631 pilotakada jo zituzten 70 minutu iraun zuen partidan. 

Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoak, 14 eta 13ra arte. Zabaleta hustutzea izan zen Irribarriaren eta Rezustaren taktika, eta Zabaletari sufritzea egokitu zitzaion sarritan. Tarte horretan, batez ere bi atzelariei tokatu zitzaien lana egitea. Zabaleta ere aurrelari aritu zen, defentsa lan ikaragarria eginez, eta txokoan utzita tanto ederra eginez, eta baita Rezusta ere, dejada ikusgarri bat tarteko. Baina 14 eta 13tik aurrera Irribarriari eta Rezustari nekea atzematen hasi zitzaien: jada ez zuten Zabaleta horrenbeste behartu, eta Irribarriak akats batzuk egin zituen. Elezkanok ongi jarraitu zuen, eta baita Zabaletak ere, eta, azkenean, 22 eta 16 gailendu ziren ikusleak gutxienez hirutan txaloka zutitu ziren goi mailako partidan. 

Zabaletak azaldu zuenez, “eustea”, hori izan zen gakoa. “Beraiek oso jotzaileak dira, lan asko egin behar izan dugu defentsan, eta hor egon da gakoa, eustean”. 

Gainontzeko partidei dagokienez, Urrutikoetxeak eta Arangurenek 22 eta 20 irabazi zieten Jakari eta Mariezkurrenari ostiralean Galdakaon jokatutako partida estuan, eta Lasok eta Imazek 11 tantotan utzi zieten Peña II.ari eta Albisuri larunbatean Labriten jokatutako partidan. 

Ezkurdia eta Martija asteartean elkarren kontra
Asteartean, azaroak 30, Binakako bigarren jardunaldiko azken partida jokatuko da. Ezkurdiak eta Tolosak Altuna eta Martija izanen dituzte aurkari San Andresetan murgilduta beharko lukeen Eibarren. Bi bikoak galtzetik datoz eta lehenengo puntua eskuratzeko beharrean daude. Hortaz, lehia estua espero da. 

Promozioan Bakaikoaren bigarren garaipena
Promozioko Binakako Txapelketan Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik euren bigarren garaipena lortu zuten ostiralean, Asteasun, Jon Alberdiri eta Endika Uriondori 22 eta 17 irabazi eta gero. Euren bigarren puntua bildu dute zakuan, eta hirugarren jardunaldian Zubizarreta III.a eta Eskiroz izango dituzte aurkari larunbatean Lizarran.