Pilota

Eibarren jokoan zegoen puntua, Altuna-Martijarendako

Guaixe 2021ko abe. 1a, 10:30
Joseba Ezkurdia, material aukeraketan sinatzen, Altuna alboan duela. ASPE

Partida oso estuan, 22 eta 17 irabazi zieten Ezkurdia-Tolosari. Hamazazpinako berdinketaren ondoren Altunak partida hautsi zuen

Atzo, asteartea, Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida jokatu zen pilotaren katedralean, Astelenan. Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa, batetik, eta Jokin Altuna eta Julen Martija, bestetik, aurreikusi bezalako partida gogorra izan zen. 60 minututan 517 pilotakada gurutzatu ziren. 

Hasierako txanpan bi bikoak parez pare ibili ziren eta berdinketak bata bestearen atzetik etorri ziren: hiruna, bosna, zazpina, hamarna eta hamazazpina berdindu zuten. Atzelarien arteko partida izan zen batez ere, eta Xabier Tolosak ongi eutsi zion Julen Martijari. Hala ere, nabarmentzekoa da tarte horretan lau pilotariek akats asko egin zituztela. 

Hamazazpinako berdinketaren ondoren Altunak pausu bat eman zuen aurrera eta partida hautsi zuen. Tarte horretan lortu zituen egin zituen zortzi tantoetatik lau. Une erabakigarrian ongi erantzun zuen amezketarrak, eta Martijarekin batera Binakako euren lehen puntua lortu zuten, nabarmendu zuten moduan “garrantzitsuena batzea” delako. 

Atzokoa, aldiz, ez zen Ezkurdiaren eguna izan. Zortzi akats egin zituen, eta sei tanto. Ezkurdiak eta Tolosak ez dute punturik lortu, eta egoerari buelta eman beharko diote.