Osasun Departamentuak pandemiari aurre egiteko beste fase bat hasi du aste honetan: COVID-19aren aurkako hirugarren dosia ematea 60 eta 69 urtean dituzten 65.000 nafarri eta adinekoen, desgaitasunen eta osasun mentalaren zentroetan lan egiten duten 7.400 langile soziosanitarioei. Abenduan gainera osasun arloko langileak eta 5 eta 11 urte arteko haurrak ere txertatzera hots eginen dituzte. Bitartean, Osasunbideak 70 urtetik gorakoak, arrisku oso handiko pertsonak eta Janssenen txertoa jaso zutenak txertatzen segitzen du.
Ohi bezala, Osasun Departamentuak osasun eskualdeka antolatu du txertaketa, hura puntu batean zentralizatuz. Txertoa oinarrizko osasun eskualdeetako taldeek jarriko dute, ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuko profesionalen laguntzarekin. Leitzako eta Irurtzungo osasun eskualdeetakoek Irurtzungo kiroldegian dute hitzordua abenduaren 15ean, asteazkena. Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun eskualdeetakoen txanda abenduaren 21ean, asteartea, izanen da, Altsasuko Burunda frontoian.
Data aukeratzeko sistemari dagokionez, zitazio kanalen funtzionamendu eraginkorragoa lortzeko, Osasun Departamentuak ahal dela web zita bidez egitea gomendatzen du, citasaludnavarra.es helbidean. Bide hori erabili ezin bada, citas.covid@navarra.es posta elektronikoa ere erabil daiteke; edo, bestela, 948 370 130 telefonora hots egin daiteke.
Hitzordurik gabeko txertaketa eta ziurtagirien deskarga areagotzea
Gune jakin batzuetara sartzeko COVID pasaportea aurkeztu behar dela iragarri zenetik gertatu den bezala, txertatu gabe zeuden eta hura jaso nahi duten pertsonakMutiloako Forem egoitzara joan daitezke. Han hitzordurik gabeko txertaketa linea zabalik du Osasunbideak. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, hitzordurik gabeko txertoak eta Osasuneko Karpeta Pertsonalaren bidezko ziurtagirien eskaria ugaritu egin dira. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak COVID pasaportea baimendu zuen joan den ostegunean, eta larunbataz geroztik indarrean dago. 360.000 nafarretik gora deskargatu dute COVID pasaportea.