Pilota

Ezkurdiak eta Tolosak lehen puntua behar dute

Guaixe 2021ko abe. 3a, 11:00
Martijak Zabaleta du aurkari astelehenean Tolosan. ASPE

Binakako hirugarren jardunaldia jokatuko da egunotan. Elezkanok eta Zabaletak Altuna eta Martija dituzte aurkari, lehia gogorrean. Ezkurdiak eta Tolosak egoerari buelta eman beharra dute Irribarriaren eta Rezustaren kontrako partidan

Abenduko festa egun eta zubian jokatuko dira Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko partidak. Elezkano II.ak eta Zabaletak astelehenean, abenduaren 6an jokatuko dute Altuna III.aren eta Martijaren kontra, Beotibarren (17:00, ETB1). Bi atzelari arakildarrak elkarren kontra arituko dira, eta animoz ongi iritsi dira partidara. Elezkanok eta Zabaletak orain arte jokatutako bi jardunaldiak irabazi dituzte –igandean Irribarriaren eta Rezustaren kontra gailendu ziren, partida oso gogorrean–, eta Altuna III.a eta Martija asteartean Ezkurdiari eta Tolosari irabazita helduko dira, poltsan puntu bat dutela. Altuna eta Elezkano maila oso onean daude, eta Zabaletaren eta Martijaren artean borroka handia espero da. Beraz, puntu garrantzitsua izango da Tolosan banatuko dena. 

Aldiz, orain arte jokatutako bi jardunaldietan Ezkurdiak eta Tolosak ez dute punturik bildu. Ez dira gaizki jokatzen ari, asteartean Altunaren eta Martijaren kontrako partidak azkeneko txanpan egin baitzien ihes. Baina egoerari buelta eman beharra dute eta lehen puntua eskuratu, animoz lasaiago aritu eta urduritasuna ez azaltzeko. Asteazkenean jokatuko dute, abenduaren 8an, Irribarriaren eta Rezustaren kontra, Bergaran (17:00, ETB1), eta partida oso zaila dute aurretik. 

Gainontzeko partidei dagokienez, larunbatean, Lizarran, Jakak eta Mariezkurrena II.ak Laso eta Imaz izanen dituzte aurkari (17:15, ETB1), eta igandean, Bilbon, Urrutikoetxeak eta Arangurenek Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute (17:00, ETB1). 

Promozioa: Bakaikoak hirugarrena nahi du
Promozioko Binakako lehen bi jardunaldiak irabazita, Bakaikoak eta Elizegik Zubizarreta III.a eta Eskiroz izango dituzte aurkari larunbatean Lizarrako jaialdia mustuko duen partidan.