Ziklo-krosa

Dena prest Urdiaingo Ziklo-kroserako

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 3a, 13:00

Igandean jokatuko da II. Benigno Mendia ‘Kani’ Oroimenezkoa. 11:00etan kadeteen proba abiatuko da, eta 12:00etan jubenilena, eta Burunda Txirrindularitza Taldeak lasterketa berezi eta ikusgarria jarraitzera animatu ditu sakandarrak

Lohia, aldapak, trabak eta ibilbide gorabeheratsuak gustuko dituztenek Burunda Txirrindularitza Taldeak igandean antolatutako Urdiaingo Ziklo-krosa ezin dute galdu. II. Benigno Mendia Kani Oroimenezkoa kadeteen eta juniorren mailako lasterketa izanen da. Abenduaren 5ean, igandearekin, 11:00etan abiatuko da kadeteen lasterketa eta ordu bat geroago jubenil mailakoa. 

Burunda Txirrindularitza Taldeak 2019ko abenduan antolatu zuen lehenengoz Urdiaingo Ziklo-krosa. Burunda klubeko hainbat txirrindulari animatu ziren urte hartan ziklo-kroseko lasterketetan aritzera, eta haiei etxean aritu ahal izateko aukera bat eman nahian antolatu zuten proba. I. Benigno Mendia Oroimenezkoa izendatu zuten, garai batean Benigno Mendia zena ziklo-krosean ibiltzen baitzen, eta berari esker makina bat lasterketa antolatu zirelako Urdiainen, Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketa tartean. 

2019an Burundak lehenengoz antolatutako Urdiaingo Ziklo-krosak harrera ona izan zuen. Parte hartze polita zan zuen, ikusleak ere poliki hurbildu ziren eta Urdiainen antolatutako lasterketa ikusgarria izan zen. Kadeteetan Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Unzilla Aldasoro etxarriarra (28:38) eta Nafarroa Ermitagaña taldeko Nahia Imaz Perez altsasuarra (25:54) gailendu ziren eta juniorretan El Caserio-Valsay taldeko Adrian Losarcos (42:47) eta Grupo Elektrako Edurne Izkue (44:52).  

Guaixeko erredakzioa ixterakoan oraindik ez zen izena emateko epea despeditu, baina antolakuntzatik azaldu zuten kadeteen mailan lau sakandarrek eman dutela izena eta junior mailan bi sakandarrek. 

Ibilbidea, futbol zelaia ardatz
Urdiaingo Ziklo-kroseko ibilbidea 2019 urtekoaren ia berbera da, Sagardia auzoaren inguruan egin den aldaketa txiki bat izan ezik. Aitziber futbol zelaia ardatz hartuta, 2,3 kilometroko zirkuitua prestatu dute Burundakoek. Lasterketa Felipe kale parean hasiko da, Urdiaingo behealdean, eta tropela frontoiraino igo ondoren, ezkerrera egin eta Aitziber futbol zelaira sartuko da. Hango larreetan itzuliren bat eman ondoren, gora egin eta Kamiozar kaletik herrira sartu eta parkeraino iritsiko dira; partzelarian aurrera egin eta, larreetan sartu eta behera eginez, atzera ere futbol zelai parera agertuko dira txirrindulariak. Beheraino jarraituko dute eta Sagardia kaletik Urdiaingo sarrerako kalera aterako dira. Helmuga frontoi parean egongo da. 

Beraz, denetatik du zirkuituak: asfaltoa, belarra eta pista. Futbol zelaiaren atzealdean dago zirkuituko eremurik gehiena, eta bertatik ia dena ikusten da. Futbol zelaian enborrak jarriko dituzte, txirrindulariek salto egin dezaten, eta futbol zelaian gora behera ibiliko dira txirrindulariak. “Ikusteko lasterketa polita” dela diote Burundakoek. Gauzak ongi, sari ematea 13:00etan izanen dela aurreikusten da, juniorren lasterketa bukatu eta gero. 

Igandera bitartean, guztia prestatzeko nahikoa lan badute Burundakoek: ibilbidea markatu, piketeak jarri eta bestelakoak. Eguraldi iragarpenak euria iragartzen du. Beraz, lokatz dezente egongo da, eta txirrindulariak pasa ahala, geroz eta lokatz handiagoa. Dena den, hori ez da arazoa, hori baita ziklo-krosean txirrindulariek gustuko dutena. Antolakuntzatik sakandarrak igandean Urdiainera gerturatzera animatu dituzte, “ziklo-krosa zuzenean ikusteko kirol oso polita” delako.