Ziklo-krosa

Gorka Izagirrek areriorik ez Abadiñoko Ziklo-krosean

Maider Betelu Ganboa 2021eko abenduaren 2a

Gorka Izagirre helmugara heltzen. JOSE MARI MARTINEZ

Euripean eta lohiez blai jokatu zen VII. Abadiño Udala Saria, eta Izagirre izan zen protagonista nagusia

Igandean VII. Abadiño Udala Saria Ziklo-krosa jokatu zen. Euripean eta lokatzaz gainezka, Gorka Izagirre Insaustik (Astana), sekulako lezioa eman zuen eta azkarrena izan zen, 3 kilometroko zirkuituari sei itzuli eman eta helmugara bakar-bakarrik helduta (1:02:59). Ia minutura sartu zen Gonzalo Inguanzo (Supermercados Froiz, 1:03:41). 

Gainontzekoak
Junior mailan lau itzuli egin behar izan zituzten eta Fantin Gloux izan zen txapelduna (46:12). Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Regil Fernandez altsasuarra hemeretzigarren sailkatu zen (51:16). Kadete mailan hiru itzuli zituzten aurrez aurre eta Luyando taldeko Hodei Muñoz Gabiña gailendu zen (35:04). Quesos Albeniz-Burunda taldeko Ekain Imaz Perez podiumera igotzear egon zen, laugarren sailkatu baitzen (35:58). 

Larunbatean Garain
Egun bat lehenago, Garaiko II. Ziklo-kros Sari Nagusia jokatu zen eta bertan Quesos Albeniz-Burunda taldeko zenbait txirrindulari lehiatu ziren. Junior mailan 2,9 kilometroko zirkuituari lau itzuli egin zizkieten eta Suministros Zadorrako Gorka Corres sailkatu zen lehena (39:16). Mikel Regil Fernandez Top-Tenean sailkatu zen, hamargarren postuan (42:13). Kadeteetan hiru itzuli zituzten aurretik eta Logos Team taldeko Iker Diaz nagusitu zen (31:59). Ekain Imaz Perez hamaikagarren postuan sartu zen (34:44), Iker Begiristain Andueza 32. postuan (40:59) eta Hegoi Garcia Duran 36. postuan (42:15).