Bihar hasi eta abenduaren 11n despedituko da Bilboko 14. Mendifilm jaialdia, mendiarekin lotura duten filmen jaialdia, urtetik urtera sona gehiago duen jaialdia. Guztira 52 film eskainiko dira, hamaika hitzaldi eta sei erakusketa.
Eskainiko diren filmen artean Xabier Unanua Goikoetxea irurtzundarrak zuzendutako Bideak dokumentala lanaren proiekzioa eginen da, Aritz Ganboa de Miguel artzain arruazuarra protagonista duena. Filma ostiralean, abenduaren 3an eskainiko da, 19:00etan, Bilboko BBK aretoan, euskaraz. Unanua eta Ganboa bertan izango dira aurkezpena egiten.
Dokumentalak 2019ko urriaren 26 eta 27 artean Aritz Ganboak bere bi aitonen herriak, Arruazu eta Izaba, mendiz mendi korrika batzeko egindako erronkaren berri ematen du (170 km eta 8.000 metroko desnibel positiboa), gainean Albi bere gaztandegian egindako gazta zuela, artzaintzaren eta bere bi jatorrien lotura islatzeko. Ganboak alboan Iker Karrera ultra trail espezialista eta hainbat lagun eta kide izan zituen, eta filmean, ibilbidearen irudiekin batera, landa eremuko ondare zabalaren lekukotzak jasotzen dira.
Bideak dokumentala filmean Aritz Ganboaren erronkak bezainbesteko garrantzia dute erronkaren inguruan landutako gaiek: herrietan egiten diren auzolanak, emakumeek artzaintzan duten papera, antzinako mendietako bideak eta sendak berreskuratzeko lana, mendi lasterketen atzean dauden garai bateko apustuak, mendi lasterketak prestatzeko beharrezkoak diren elikadura eta prestakuntza fisikoa, erronka pasatzen den tokiei eta herriei buruzko istorioak, landa eremuaren erronkak eta beharrak, nekazarien lana, azokak, gure kirolak, euskararen etorkizuna, gazta gainean eramateko motxila berezia egiteko Ternua etxeak diseinatutako motxila berezia, garai bateko euskal baleontziek Sakanarekin eta gure mendiekin zuten lotura –San Joan baleontzia egiteko Albaolaren egitasmoa–, Lakuntza-Aralar eta Zegama-Aizkorri mendi lasterketak antolatzen dituzten klubek egiten duten lana, gaztak nola egiten diren, jatorri izendapenen garrantzia, Orbaizetako zabalzatarren etxean Mikel Zabalzari gertatutakoa ekartzen dute gogora… eta abar luze bat. Eta elkarrizketa horiek guztiak egin eta jaso dira dokumentalean, tartean Arruazu eta Izaba arteko erronkako irudi ikusgarriak tartekatzen diren bitartean.
Bideak ipuin-musikatua
Bideak dokumentala lanean oinarrituta, Bideak komiki-ipuin musikatua argitaratu dute Ganboak eta Unanuak, asteburuan Irurtzungo Pikuxarren eta Arruazuko herriaren etxean aurkeztu zutena. Iker Uribetxeberria eta Joana Ziganda dira liburuaren egileak, eta helburua ekimena gaztetxoengana eta umeengana iristea da. Ipuin liburua Mendifilmen aurkeztuko dute, abenduaren 3an, dokumentalaren emanaldiarekin batera, eta ondoren Durangoko Azokan jarriko dute salgai.
Bideak dokumentala Mendifilmen hautatu izanarekin kontentu dagoela adierazi dio Ganboak Berriari: “dokumentala egin genuenean, hori zen hizki larriz markatuta genuen helburua”.