Dinabidek, atzera ere, Sakanako Sozioekonomikoa Behatokiaren bilera hartu zuen azaroaren 24an. Ibarreko bigarren estrategia plana egiteko prozesua martxan da. Sektoreka lantaldeek beraien diagnosiak egin zituzten eta haiek komunean jarri eta plan berrirako oinarriak jartzeko bilera izan zen joan den astekoa. Sakanako Sozioekonomia Behatokiko kideek 2014 eta 2020 Sakanako Estrategia Planaren balorazio positiboa egin zuten: “hazteko potentziala duten proiektuak martxan jarri dira. Lankidetza eta konfiantza guneak sortu dira eta arlo guztietan ezagutza sortu da”.
Horrekin batera sektore bakoitzaren ekintza ildoak egokitzeko beharra ikusi zen, erronka eta proiektu handiagoei aurre egiteko. Hala, industria joerak dira: enpleguaren berreskurapena, enpresa gutxiago baina handiagoak ditugu. Bestalde, dinamika demografikoak langile gabezian eragina du. Energia arloan erronka nagusia da energia eta klima testuinguru berriari egokitzea. Turismoan bizikletendako ibilbidea eta Donejakue proiektu traktoreak izanen dira. Agroelikaduran, berriz, eraldaketa eta dibertsifikazioa beharrezkoa jo da sektorea garatzeko. Etxarri Aranazko eraldaketa gunea eta Dastatu Sakana proiektu estrategiko gisa definitu dituzte. Bestetik, beharrezkoa jo da udal eta merkatarien arteko elkarlana tokiko merkataritza sustatzeko. Azkenik, tokiko administrazioa berritzailea izatea ezinbesteko jo da, “proiektu berritzaileen bidez herritarren beharrei erantzutea helburu duena”.
Diagnostikoa www.sakanagaratzen.com webgunean kontsultatu daiteke. Hura sakandarren iritziekin osatzea eta aberastea nahi dute. Horregatik, web orri berean hamalau galderez osatutako galdetegia jarri dute, herritarrek iritzia eman dezaten. Ekarpenak egiteko beste modu bat da info@sakanagaratzen.com helbide elektronikora idaztea. Planak bost fase ditu eta abenduan hirugarrenari ekinen zaio: agertokien definizioa eta 2027ko agertoki apustua. Behatokiaren bileran dagoeneko aukera batzuk aipatu ziren: industriako hamabost enpresa sortzea, hazkunde eredu propioa lortzeko autonomia, mugikortasun iraunkorra edota mila biztanle gehiagora igotzea.