Giza garapen jasangarria lortzeko helburuz, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2030 agenda sustatu du. Agenda unibertsal horren oinarriak dira pobrezia errotik desagerraraztea, ahultasunak eta desberdintasunak murriztea eta jasangarritasuna sustatzea. Helburua 2030 urterako mundua eraldatzea eta pertsona guztiendako giza eskubideak bermatzea. Horretarako 17 helburu zehaztu ditu. Seigarren puntuak saneamendua jorratzen du. Eta, horri lotuta, NBEk WCren edo Komunaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen azaroaren 19a.
Egun horrekin bat egin zuen Nilsa enpresa publikoak, hondakin urak garbitzeaz arduratzen dena. Komunaren egunerako Nilsak hezkuntza programa garatu zuen Atakondoa eskola publikoan, euskaraz. Haren bidez Lehen Hezkuntzako eta Curriculum Bereziko Unitateko ia ehun ikaslek ikasi zuten komuneko tazan bakarrik komuneko papera besterik ezin dela bota. Berdin da komuna etxean, ikastetxean edo beste nonbaiten egotea.
Nilsak gogorarazi duenez, pixa oihalak, konpresak, kotoi zotzak, kotoiak, preserbatiboak eta bestelakoak errefusara bota behar dira, eta ez komuneko zulora. Nilsatik gaztigatu dutenez, produktu horien ontzietan biodegradagarriak direla jartzen du. Baina hustubideetan barrena eman ohi duten denbora baino askoz gehiago behar da biodegradagarriak izateko. Horregatik, etxebizitzetako hodietako eta udaletako estolderia sareetako buxadura handienak eta garestienak eragiten dituzte; horrez aparte, araztegietako sarrerak buxatzen dituzte”.
Horretaz kontzientziatzeaz aparte, begiraleek taldetan banatuak zeuden ikasleei azaldu zieten zer beste produktu diren oso kaltegarriak ingurumenerako eta instalazioetarako beretarako: olioa, janari-hondarrak, lixibak, pinturak eta bernizak, sendagaiak, etxeko garbiketa-produktuak eta tabako-zigarrokinak... Hezitzaileek egin behar ez diren praktika desegokiak aipatu zizkieten.
Ur birtuala
Curriculum Bereziko Unitateko haurrek ur birtualaren jokoan parte hartu zuten. Haren bidez, elikagaiak eta beste produktu batzuk ekoitzi eta merkaturatzeko behar den ur kopurua neurtzen du jokoak. Kontzeptuak beste konplexuago batzuk lantzen laguntzen du, hala nola aztarna hidrikoa. “Ziur aski, inoiz ez dugu pentsatu zenbat ur behar den jaten dugun haragia sortzeko edo arropa garbi edukitzeko, ur asko dagoen eskualde batean bizi garela uste dugulako agian. Hala ere, teknologiaren, industriaren eta zerbitzuen hazkunde eta garapenaren ondorioz, gero eta baliabide natural gehiago behar dira eta gero eta gehiago eskatzen dira, ura barne. Ur birtuala kontzeptu interesgarri eta berri samarra da, bi arrazoi hauengatik: ur faltaren ondoriozko arazoei aurre egiteko nazio edo eskualdeko politiketan izan dezakeen aplikazioagatik, batetik, eta, bestetik, etengabe hazten ari den biztanleria elikatzeko beharragatik”, azaldu zuen Edurne Arkotxa begiraleak.
Uren %80, araztu gabe
Nafarroan hondakin uren %98k hirugarren mailako arazketa tratamendua dute, hau da, garbitu beharreko urak hiru etapa pasatzen dituzte garbiketa-prozesuan. Europar Batasuneko ehunekorik altuenetako bat da hori. Baina planetako giza jardueren ondoriozko hondakin uren %80 inolako tratamendurik gabe isurtzen dira ibaira edo itsasora, eta horrek ondorio kutsagarri suntsitzaileak ditu, eragin globalekoak.
Ingurumen inpaktu kalkulaezin horretaz aparte, NBEk ohartarazi du komuneko taza osasun publikoko tresna dela, gaixotasunen transmisioa eragozten baitu. 4.200 milioi pertsona baino gehiago komun egokirik gabe bizi dira munduan, eta, horren ondorioz, mila haur hiltzen dira, batez beste, egunero beherako eritasunen ondorioz; digestio traktuko infekzioak sortzen dituzten bakterio, birus eta parasitoek eragiten dituzte gaixotasun horiek, aire zabalean libratzeak eragindakoak.
Egun horren harira, eta gizartea kontzientziatzeko zereginarekin bat, duela urtebete, NILSAk adierazpen bat ere sinatu zuen, Espainiako Hornidura eta Saneamendu Elkarteak (AEAS) gidatua, Europar Batasunari honako deia eginez: gizon-emakumeek saneamendurako eskubidea izatea aitortzea Europar Batasuneko legedian; izan ere, oraindik ere hamar milioi pertsonak (446 milioitatik) ez dute halakorik Europan.