Bazterretik

Pantailak euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Iune Trecet Obeso 2021ko abe. 6a, 10:15

Txikia nintzenean denok ikusten genituen telesailak euskaraz, Dragoi Bola Z, Lehenengo musuak edo Parker Lewisek ez du sekula galtzen adibidez. Nerabezaroan, Goenkale edo Jaun eta jabe izan genituen denek erreferentzia bezala. Ikastolan, euskarazko edukiei buruz hitz egiten genuen eta bizitza euskaraz egitea naturala egiten zitzaigun, gure "maitasun platonikoek" horrela egiten zutelako.

Baina egun, Sakanako haurrek ezin dute telebistan ETB3 ikusi. Ez dute haurrentzako sortutako euskarazko edukietara sarbiderik. Eta ondorioz, ez dute, nik izan nuen moduan, euskarazko erreferenterik telebistan. 

Hala ere, beste eduki mota batek bereziki kezkatzen nau. Telebistak badu bere pisua, batez ere haur txikietan, baina heltzen doazen heinean, gazteek geroz eta telebista gutxiago ikusten dute eta Interneten dauden edukietan gehiago zentratzen dira. Aukera zabala aurki dezakete sarean, beraiek erabaki dezakete zer, nor edo noiz ikusi. Gazteek nahieran ikusten dituzte telesailak streaming plataformetan, baina plataforma hauetan euskararen presentzia oso txikia da. Bideo jokoetan aritzen direnen artean ere, aukera gutxi izango dute euskaraz jolasteko, nahiz eta bakar batzuk euskaraz aurkitu. 

Egia da geroz eta youtuber edo twichlari gehiago daudela sarean, lanketa polita egiten ari dira bai #3000Twitzeko twitzlariek bai @LDraugr sakandarrak Pilula gorria saioan, adibidez. 

Gazteak euskarazko edukiak ikustera ohitu behar dira, eta horretarako txikitatik hasi behar dira bizitza euskaraz modu naturalean egiten, eskolaz eta familiaz gain bere erreferenteek euskaraz ere egiten dutela ikasi behar dute, telebistan, streaming plataformetan eta baita Disneyko pelikuletan ere. 

Horregatik, euskararen eguna hain gertu dugun honetan, Pantailak euskaraz plataformak dioen moduan, pantailak eta edukiak euskaraz behar ditugu euskara gure gazteen eta ez hain gazteen artean naturaltasunez zabal dadin. Azken egun hauetan pauso batzuk eman dira, baina gehiago etorriko direlakoan nago. Eta Simbak euskaraz hitz egiten bukatuko du.