Nafarroako Parlamentuan abenduaren 23an eginen den bilkuran onartuko da 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea. Foru erkidegoak heldu den urtean 4.767.034.210 euroko aurrekontua izanen du, Nafarroako Gobernuari barrutik eta kanpotik eusten diotenen babesarekin. Aurretik, abenduaren 13tik 17ra arte hari alderdi eta koalizioek aurkeztutako zuzenketa partzialak Ekonomia eta Ogasun Batzordean eztabaidatuko dituzte parlamentariek. Epea despedituta talde eta elkarte parlamentarioek guztira 683 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte.
Emendakinen bidez alderdi eta koalizioek hamabost milioi euro zertara bideratzea erabaki dute. Haien bidez gobernuaren zenbait diru sail moldatuko dituzte, eta, aldi berean, hainbat gizarte eta kultur erakunderen eta udalen eskaerei erantzunen diete. Eta horien artean Sakanako sei egitasmo eta sakandar baten proiektua daude.
Sakana
EH Bilduk Aralarren Guardetxea egiteko 150.000 euro bideratzea eskatu du. Koalizioak argudiatu duenez, "haien lanak eskatzen dituen kudeaketak egiteko, beharrezkoa da basozainei espazio duin bat ematea. Proiektua 2019an lizitatu zen eta ez zen gauzatu. Beraz, Nafarroako Gobernuak bere garaian hartu zuen konpromisoa gauzatzeko unea da".
Uharte Arakil
EH Bilduk Uharte Arakilgo Udalari 85.000 euroko transferentzia egitea eskatu du. Udalak Ganbeletako iturburutik heldu den goi hornidurako hodian argindarra sortzeko turbina jarriko du. Hura etxola baten barruan egonen da Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan, baina goiko partean. Koaliziotik azaldu dutenez, "helburua da igerilekuetan sare elektrikora konektatzeko instalazio bat jartzea, autokontsumorako instalazio bat izatea, soberakinekin, eta udalaren jabetzako hainbat kontsumoren artean partekatzea". Hau da, "kontratu elektriko publikoetan herrian sortutako energia elektrikoa aprobetxatuko litzateke". Egitasmoa egiteko ingeniaritza proiektu bat idatzi beharko da aurretik.
Etxarri Aranatz
EH Bilduk Etxarri Aranazko Udalari 75.000 euroko transferentzia egitea eskatu du, udalak hiltegiaren ondoan eraikitako eraldaketa gunea tresneriaz jantzi dezan. Uda akaberarako lanak despedituta zeuden. Han abeltzainek haragia zatikatu edota manipulatzeko aukera izanen lukete eta osasun zigilua jasota zuzenean salgai jartzeko aukera. EH Bilduren eskaeraren bidez, ekipamendu horretarako tresneria erosiko luke udalak.
Koalizioak azaldu duenez, "Etxarri Aranazko udal hiltegia baliabide baliotsua eta beharrezkoa da udalerriko eta Sakanako abeltzaintza eta haragi sektorea dinamizatzeko. Azken urteotan, herri eta ibarretako hiltegi txikiak desagertuz joan dira, eta horrek, beste faktore batzuekin batera, eragin negatiboa du inguruko elikadura eta abeltzaintza ehunean". EH Bildu gaineratu duenez, "hiltegiak eta eraldaketarako beste azpiegitura batzuk, eta horien existentzia edo gabezia landa eremuetan, faktore mugatzaileak dira, hau da, elikatze kate dinamiko, iraunkor eta erresiliente baten botila lepoa dira. Etxarri Aranatzen, zorionez, Nafarroan geratzen zen udal hiltegi bakanetako bat mantendu da. Horregatik, Etxarri Aranazko Udalak oinarrizko zerbitzu horren jarraipena eta modernizazioa bermatzeko borondate irmoa du".
Bakaiku
EH Bilduk Bakaikuko Udalari 125.000 euroko transferentzia egitea proposatu du, hala udalak eskolen eraikina egokitzeko. Koalizioak nabarmendu duenez, "bakaikuarrek herriko estrategia planean lehentasun gisa aukeratu zuten ikastetxea. Eraikina oso hondatuta dago eta goitik behera konpondu behar da, isolamendua eta abar". EH Bilduk azaldu duenez, Bakaikuko Udalaren asmoa da eraikinaren beheko aldean haur eta gazteendako txokoa eta erabilera anitzeko aretoa egitea. Gaineratu dutenez, "goiko aldean bi edo hiru etxebizitza eraikiko dira, Udala Nasuvinsarekin harremanetan dago". Etxebizitzak egiteko lanak ez daude aurrekontuan jasota.
Altsasu
Geroa Baik Altsasuko Udalari 300.000 euroko transferentzia egitea proposatu du, diru horrekin estalpe bat egiteko. Iortia kultur guneko zabalgunearen parean eraikiko da estalpea, 720 metro karratuko azalera izanen duena (40 metro luze eta 18 zabal). Geroa Baiko kideek argudiatu dutenez, "Altsasuko hirigunearen erdigunea da teknikoki. Geroz, estalitako espazio hori herriko erdigune eta merkataritza gune gisa ezagutzen den gunean egokituko litzateke".
Koaliziotik azaldu dutenez, "estalpea eraikitzeko eskaera handia da, eta beharrezkoa Altsasuko gizarte, kultura eta sozio-ekonomia (merkataritza eta ostalaritza) dinamizatzeko". Gaineratu dutenez, estalpea bat egiten du "gaur egun kultur jarduera garrantzitsua duen kultur etxearekin, asteazkeneroko azokarekin eta gainerako jarduerekin". Eguraldi txarrak kaleak gauzak egitea ez duela laguntzen eta Altsasuko hainbat kultura eta ekonomia (dendari eta ostalariek) kolektibok udalari "beharrezko inbertsio hori egitea" eskatu diotela ere nabarmendu du.
Olatzagutia
PSNk eta EH Bilduk elkarrekin aurkeztutako zuzenketa partzialak Olatzagutiko Udalarendako 80.000 euroko transferentzia bat egitea eskatzen du. Koxkobilo harrobia zaharberritzeko litzateke. Proposatzaileek azaldu dute Altzania magaleko harrobia 20 urtez baino gehiago ustiatu zutela joan den mendeko lehen erdialdean. Harrobiko paretak denborarekin berez zaharberritu dira eta "une honetan harrobiko plaza zaharberritzeko prozesuan gaude. Zaharberritze lan hori gobernuko hainbat departamentuk bulkatu dute, eta zaharberritze-lan horren zati bat orain arte errentan hartutako enpresak ordaindu behar du".
Aranzadi zientzia elkarteak egindako lanaren ondorioz jakin da makina bat animali izan zirela aspaldian Koxkobilon, esaterako: haitzuloetako hartzak, hartz tibetarrak, azkonarrak, makakoak… Aurrekontuen zuzenketa aurkeztu dutenek azaldu dutenez, "helburua da harrobi hori parke bihurtzea, eta, bertan, milaka urtez bertatik igaro diren animalia espezieez gozatzea". Horretarako, informazio panelak, ikusiz identifikatu ahal izateko 3Dko hainbat egitura, askaldegiak, eremuko biodibertsitatea ziurtatzeko zuhaitz autoktonoak landatzea eta, ahal izanez gero, harrobiaren erdialdean iturri bat jartzea da helburua.
La Faktoria
Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Duguk elkarrekin aurkeztu dute zuzenketa partzial bat, eskatzen dutena La Faktoria Choreographic Centerren funtzionamendu gastuetarako 60.000 euro bideratzea. Laida Aldaz Arrieta etxarriarrak beste bi dantzarirekin batera 2019an sortutako egitasmoa da La Faktoria. Proposatzaileek argudiatu dutenez, "zuzenketa honen helburua da kulturaren munduan programa berritzaile bat bultzatzea, dantzari nafarrek osatua eta gidatua, dantzari ekarpen bereizgarria egiten diona".
Hirurek gaineratu dutenez, La Faktoria "dantza nafarra nazioarteko panoraman jartzea ekarriko du. Dantza garaikidea eta mugimenduaren arteak sortzeko, ikertzeko eta trebatzeko nazioarteko zentroa da Faktoria. Honakoak dira ekintza zutabeak: nazioarteko lanbide heziketa, sorkuntza artistikoa eta ikerketarako egoitza artistikoak. Bakoitza independentea da, baina besteekiko sinergian jarduten du".
Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Duguren ustez "komunitate baten giza garapenerako ezinbestekoa da haren kultura eta arte garapena; horregatik, Nafarroatik eta Nafarroarendako kalitatezko eta ikuspegi profesionaleko prestakuntza artistikoa lortzeko aukera eskaini nahi dugu". Gaineratu dutenez, "dantza ardatz hartuta sorkuntza garaikidea suspertzen duen plataforma da Faktoria. Sorkuntza, prestakuntza, beste diziplina batzuen uztarketa eta bere lanaren erakusketa eta dantza garaikidearen sustapena bateratzen dituen proiektua da. Ekimen berritzaileei babesa eman nahi zaie, tokian tokiko presentzia eta nazioarteko bokazioa dutenei".