Sakana KudeaGo mugikortasun plataforma dagoeneko dohainik deskargatu daiteke Google Play eta Apple Storetik. Telefono mugikorrerako aplikazio horrek bidaiak egiterakoan sakandarrek autoa partekatzeko aukera ematen du, eta plataformari ez zaio komisiorik ordaindu behar. Erabiltzaileek beraien neurrira egokitu dezaketen aplikazioa da, esaterako, norberak erabakiko du zein herrietako jakinarazpenak jaso nahi dituen, eta zein pertsonekin partekatuko duen autoa. Erabiltzaileak blokeatzeko aukera ere badu.
Telefono mugikorrendako aplikazio hori Android eta iOS sistema eragileekin erabilgarria da. Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak martxan jarriko duten zerbitzua da, Patxi Miranda Fernandez Kudea Servicios landa eremuko berrikuntza enpresako buruak garatu duena. Aurki Sakanako mugikortasun zerbitzu guztien eskaintzaren berri ere emanen du: autobus eta tren ordutegiak eta eguneko maiztasunak, taxilarien telefonoak eta haien geltokia eta bizikleta eta ibilgailu alokairu enpresak. Aplikazioaren aurkezpenak abendu erdialdean eginen dituzte.