Sakanan hegemonia duen hizkuntza gaztelania da. Euskararen normalizazioaren aldeko tresna onenetako bat irakaskuntzako murgiltze eredua da, D eredua. Haren bidez haur eta gazteek euskara ezagutzen dute. Hala adierazten dute hezkuntzako eta soziolinguistikako adituek ere. Horregatik, Sakanan ofizialak diren bi hizkuntzak ikasteko modurik onena D eredua dela nabarmendu dute. Euskara Zerbitzutik gurasoak D eredua ezagutzera gonbidatu dituzte. Eta gainontzeko sakandarrei beraien inguruan D ereduaren alde onak nabarmentzeko.
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko ikastetxeetako matrikulazioa kontutan izanik, hizkuntza ereduen bilakaeraren berri eman du. Horien arabera, Sakanako ikastetxeetan gora egin duen eredu bakarra A eredua da, gaztelaniazko klaseak eta euskara ikasgai duena. A ereduak puntu bat egin du gora eta gaur egun ikasleen %14,8 dira eredu horretan ikasten dutenak. Bestalde, murgiltze ereduak, D eredua, 0,9 puntuko jaitsiera izan du. Ikasleen %81,6 dira euskaraz ikasten ari direnak. Datua 2015-2016 urtekoaren parekoa da (%81,4 orduan). Ikasturte hartan gainditu zuen murgiltze ereduak estreinakoz matrikulazioaren %80ko langa. Baina ordutik gora eta behera egin du kopuruak, baina sekula %82,5etik gora egin gabe. Bestalde, B ereduak, gaztelania eta euskara irakasteko baliatzen duena, 0,1 egin du behera. B ereduan ikasleen %3,6 ikasten ari dira.
Ikasturteak ekarri duen beste berritasuna da Uharte Arakilgo eskolan A eredua desagertu dela. Ikastetxe horretan murgiltze eredua besterik ez dago gaur egun. Hortaz, A eredua Irurtzunen eta Altsasun eskaintzen da, eta B eredua Altsasun.
Zikloka
H
aur Hezkuntzak ibarreko ikasleen %20,39 hartzen ditu, 582 ikasle, aurreko ikasturtean baino sei ikasle eta 0,3 puntu gutxiago. Murgiltze ereduan ikasleen %86,1 daude (501 ikasle, zazpi gutxiago). Aurreko ikasturtearekin alderatuta D ereduak 0,3 puntu egin du behera. 2020-2021 ikasturtean A ereduak berriro bi zifrako matrikulazioa lortu zuen Sakanan, %10. Ikasturte honetan kopurua errepikatu du 58 ikaslerekin (aurrekoan baino bat gutxiago). Azken bi urteetako joera etenez, B eredua da ehunekoan eta kopuruan gora egin duen eredu bakarra. Ibarreko ikasleen %3,9 ari dira ikasten eredu horretan (0,3 puntu eta 2 ikasle gehiago).
Lehen Hezkuntza ikasten ikasleen %48,24 ari dira, 1.377 guztira, aurreko ikasturtean baino 55 ikasle eta 2,16 puntu gutxiago. Euskarazko murgiltze ereduan ikasleen %81,8 daude (1.126 ikasle, 39 gutxiago), aurreko ikasturtean bezala 0,4 puntu egin du gora kopuruak. A ereduan ikasleen % 12,4 daude, aurreko ikasturtean baino 0,3 puntu gutxiago (171 ikasle, 11 gutxiago). Azkenik, B ereduan joan den urtean hartutako beherako joerari segida eman dio 0,1 puntu galduz, ikasleen %5,8 ari dira B ereduan ikasten (80 ikasle, 5 gutxiago).
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleen %31,36 ari da ikasten, 895, aurreko ikasturtean baino 74 ikasle eta 2,46 puntu gehiago. Aurreko ikasturtean estreinakoz DBHn D ereduan matrikulatutako ikasle sakandarren kopuruak %80ko langa gainditu zuen. Ikasturte honetan euskarazko murgiltze ereduan ikasten ari direnak %78,4 dira. 31 ikasle gehiago badaude ere, aurreko ikasturtearekiko euskarazko ereduaren matrikulazioa 3,3 puntu jaitsi da. DBHn ez dago B eredurik eta behe mailetan eredu horretan ikasi duten ikasleek DBHra iristerakoan gurasoek, normalean, A ereduan matrikulatzen dituzte, euskararen kaltetan. Eta ikasturte hau ez da salbuespena izan. Ikasleen %21,6 daude eredu horretan, aurreko urtean baino 43 ikasle eta 3,3 puntu gehiago.