Errigorak bederatzigarren aldiz Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina egin du. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako hiru zare eskaini ditu. Pandemiaren ondoren 15.500 zare banatu dituzte. Haien salmentaren laurdena eskualde bereko euskalgintzari bideratu dio Errigorak, guztira 235.000 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldira. Ekimena martxan jarri zenetik 1.600.000 eurotik gorako ekarpena egin die Errigorak erakunde horiei.
Sakanan guztira 403 zare saldu dira (%2,6). Eskaera eta jasotze puntu jakinak zeudenez, sakandarrek haietara jo dute eskaera egitera. Errigoratik emandako datuen arabera, zareen erdia baino gehiago, 235 Altsasun erosi dira. Gainontzeko eskaerak honako herrietan egin dira: Etxarri Aranatzen 67, Lakuntzan 28, Irurtzunen 20, Arbizun 19, Irañetan 18 eta Uharte Arakilen 16.
Errigorako kutxak Itsasi euskaltegian banatzeko zain.
Antolatzaileek kanpaina posible egin duten ekoizleak, euskalgintzako eragileak, herriz herri lanean aritu diren Errigoraren boluntarioak eta saskia eskatu duten herritarrak zoriondu ditu. “Herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu dugu. Aurtengo kanpainaren leloak dioen bezala, ‘herriak egiten du herria’”. Bestetik, erakundeei deia egin zieten: “Nafarroako erakundeek bere gain hartu beharko lukete euskararekiko dagokien erantzukizuna. Horregatik, dei egiten diegu herritarren ondora etorri eta behar beste baliabide jar dezaten hamarkadetako hizkuntza politikari buelta emateko, berandu baino lehen, ager vasconum berriz ere lurralde euskaldun izan dadin”.
Sakanan eskatutako Errigora zareak | |
Herria | Kopurua |
Altsasu | 235 |
Arbizu | 19 |
Etxarri Aranatz | 67 |
Irañeta | 18 |
Irurtzun | 20 |
Lakuntza | 28 |
Uharte Arakil | 16 |
Guztira | 403 |