Pilota

Ezkurdiak eta Tolosak gaur dute aukera

Guaixe 2021ko abe. 13a, 13:00

Binakako Txapelketako laugarren jardunaldia itxiko duen partidan, Peña II.a eta Albisu izanen dituzte aurkari gaur, astelehena, Urretxun jokatuko den partidan. Elezkanok eta Zabaletak hirugarren puntua lortu zuten Laso eta Imaz 11 tantotan utzi eta gero, eta Altuna ordezkatu zuen Peio Etxeberriak eta Martijak galdu egin zuten Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra (22 eta 14)

Binakako Txapelketako laugarren jardunaldia gaur despedituko da, Joseba Ezkurdiak eta Xabier Tolosak Jon Ander Peña II.aren eta Jon Ander Albisuren kontra gaur, astelehena, Santa Luzia ferian murgilduta egon beharko lukeen Urretxun jokatuko den jaialdian. Ezkurdiak eta Tolosak aukera bikaina dute azken hiru jardunaldiak atzean utzi eta euren lehen puntua lortzeko, Peña II.a eta Albisu ere ez daudelako bere onenean, aurreko hiru jardunaldietan puntu bakarra lortu baitute. Sailkapena ixten duten bi bikoen arteko partida izango da gaur Urretxun jokatuko dena, urrezko puntua bi bikoteendako. Beraz, lehia estua espero da eta ea aurrelari arbizuarrak pauso bat aurrera ematen duen, azkenaldian egin izan dituen ez ohiko akatsak alde batera uzten dituen eta, Tolosarekin batera, lehen puntua lortzen duen. 

Elezkano II.a eta Zabaleta, lider
Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta ikusgarri aritu ziren larunbatean Labriten Unai Lasoren eta Ander Imazen kontra. Partida lehiatua izan zen, baina Etxarrengo atzelariak azkenaldian izandako sentsazio nahasiak atzean utzi eta Zabaletarik onenaz gozatzeko aukera izan zuten Iruñeko Bombonera bete zuten pilota zaleek. Atzeko koadroetan sendo aritu zen Zabaleta, agintzen, eta aurrean ere Elezkanok min handia egin zion Unai Lasori. Azkenean, 22 eta 11 gailendu ziren Elezkano eta Zabaleta, eta euren hirugarren puntua lortuta, Binakako Txapelketako lider dira eta atzera ere txapela janzteko hautagai sendoak.

Jakak pausoa aurrera eman zuen Adarragan
Atzo, igandea, Logroñoko Adarragan jokatu zen Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenaren eta Jokin Altuna ordezkatu zuen Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren kontrako partida. Hasieran Peio Etxeberria eta Martija aurreratu ziren, 0 eta 9, baina Baikokoek partida apurtu zuten. Atzeko koadroetan Mariezkurrena Martijari gailentzen hasi zitzaion, eta laguntza horrekin guztiz erasokor bilakatu zen Jaka, eta aurrean asmatzen hasi zen. 7 eta 12 galtzen joatetik, azkenean 22 eta 14 irabaztera pasa ziren Jaka eta Mariezkurrena. Etxeberriak eta Martijak hasieran lan ona egin zuten, baina gero behera egin zuten. 

Sailkapena
Gaurko partidaren emaitzaren faltan, Elezkano II.a eta Zabaleta dira Binakako liderrak (3 puntu). Bigarrenak Irribarria eta Rezusta dira (3 puntu), eta hiru puntu dituzte Laso-Imazek, Jaka-Mariezkurrena II.ak, Altuna III.a-Martijak eta Urrutikoetxea-Arangurenek. Azkenak Peña II.a-Albisu (puntu 1) eta Ezkurdia-Tolosa (punturik gabe) dira, eta euren arteko gaurko partidak sailkapena alda dezake. 

Bakaikoa eta Elizegi, Promozioko liderrak
Promozio mailak Binakako Txapelketan laugarren jardunaldia jokatzen ari da. Joanes Bakaikoa eta Iker Elizegi txapelketa oso ona egiten ari dira, jokatutako lau jardunaldiak irabazi baitituzte. Azkeneko jardunaldian, igandean Logroñoko Adarragan jokatutako partidan 10 tantotan utzi zituzten Victor eta Gaskue. 

Asteburuan bosgarren jardunaldia dago jokoan eta larunbateko Labriteko jaialdia zabaltzen duen partidan Bakaikoak eta Elizegik Zabala eta Etxebarria izango dituzte aurkari.