Pilota

Ezkurdiaren eta Tolosaren lehen garaipena

Guaixe 2021ko abe. 14a, 10:00
Lehen garaipenak airea eman dio bikoteari. EITB

Aspekoek 22 eta 17 irabazi zieten Peña II.ari eta Albisuri atzo, astelehena, Urretxun jokatutako partidan, eta behar beharrezkoa zuten puntua lortu zuten

Atzo, astelehena, Binakako Pilota Txapelketako laugarren jardunaldiko azken partida jokatu zen, Santa Luzia ferian murgilduta egon beharko lukeen Urretxun. Sailkapeneko azken bi bikoak lehiatu ziren, Peña II.a-Albisu eta Ezkurdia-Tolosa, eta jokoan zegoen puntua behar-beharrezkoa zuten biek. Ezkurdiak eta Tolosak batez ere, ez baitzuten garaipenik. Horregatik, tentsio handiko partida izan zen, asko baitzegoen jokoan. 

Partida ez zen ongi hasi Ezkurdiarendako eta Tolosarendako, baina buelta ematea lortu zuten. 3 eta 8 aurreratu ziren Peña II.a eta Albisu, baina lan handia eginez 8na berdindu zuten Ezkurdiak eta Tolosak. Ezkurdiak erritmo handiagoa jarri zion partidari eta arerioen hutsuneak bilatu zituen. Tolosak behetik gora egin zuen eta gutxika aurretik jarri ziren Ezkurdia eta Tolosa: 15 eta 11 eta 16 eta 13 aurreratu ziren. Peñak eta Albisuk ez zuten etsi eta 16na berdintzea eta 16 eta 17 aurreratzea lortu zuten, baina presioz jositako azken txanpa horretan Ezkurdiak eta Tolosak ongi eutsi zuten, eta Peñak eta Albisuk, aldiz, behera egin zuten, zenbait akats eginez. Horrela, Ezkurdiak eta Tolosak aurrera egin zuten eta bolea batek euren lehen garaipena eman zien: 22 eta 17. 

Lehen garaipena lortzeak behar beharrezkoa zuten airea eman die Ezkurdiari eta Tolosari. Partida jokatu baino lehen aurrelari arbizuarrak aitortu zuen bere buruarekin haserre puntua zuela, partidetatik errazegi irteten zelako. Bada, Urretxun ez zen partidatik atera, eta ongi eutsi zuen. Eta inflexio puntua den eta hemendik aurrera garaipenak bata bestearen atzetik etortzen diren.