Gobernuak Urbasako sei epaitza saldu nahi ditu

Guaixe 2021ko abe. 15a, 11:06

Urbasatik ateratako baso aprobetxamendua. ARTXIBOA

Pagoz osatuta daude eta 14.988 metro kubiko egiten dute. Haiengatik, guztira, 386.954,78 euro eskatzen ditu.

Landa Garapen eta Ingurune Departamentuak sei pago epaitza enkante bidez saldu nahi ditu. Baso aprobetxamendu horiek Urbasa mendilerroaren 2020 Planean jasota daude, baso bakantzeak dira. Foru administrazioak jakinarazi duenez, eskaintzak egiteko epea ilbeltzaren 3ra artekoa da. Bestetik, baso aprobetxamendu horietan interesa dutenek haiek bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute. Epaitzak heldu den asteazkenean erakutsiko dira.

Sei epaitzetatik bi Barrankoetan daude. Aurrenak 1.991 metro kubiko ditu eta harengatik departamentuak 52.529,3 euro eskatzen ditu. Bigarrenak, berriz, 2.015eko bolumena du eta 65.321,21 euro balio ditu. Marmol inguruan hiru epaitza emanen dituzte. Lehenak 2.176 metro kubiko ditu eta 62.916,26ko balioa. Bigarrenak 3.644ko bolumena eta 83.945,91 euro eta, azkenak, 3.059 eta 68.671,84 euroko prezioa. Azkeneko epaitza Iraigorri dermioan dago 2.103ko bolumena eta 53.570,26 euro euroko prezioa du.