Sakana KudeaGo telefono mugikorrerako aplikazioa da eta mugikortasun positiboa sustatu nahi du. Bestela esanda, sakandarrek autoa partekatzeko aukera ematen du, plataformari komisiorik ordaindu behar izan gabe. Erabiltzaileek beraien neurrira egokitu dezaketen aplikazioa da, esaterako, norberak erabakiko du zein herrietako jakinarazpenak jaso nahi dituen, eta zein pertsonekin partekatuko duen autoa. Erabiltzaileak blokeatzeko aukera ere badu.
Dagoeneko dohainik deskargatu daiteke Google Play eta Apple Storetik, gainera aplikazioa Android eta iOS sistema eragileekin erabilgarria da. Hari buruz jakin beharreko guztiak Patxi Miranda Fernandez Kudea Servicios landa eremuko berrikuntza enpresako buruak emanen ditu gaur Etxarri Aranazko kultur etxean. Mugikortasun plataforma Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak martxan jarriko duten zerbitzua da.