Taekwondoa

Irea Etxaniz, Bargagaingo Espainiako txapeldun berria

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 20a, 12:30

Iria Etxaniz, azpian, urrezko dominarekin. BARGAGAIN

Bargagain Taekwondo klubak Espainiako Kluben Arteko Taekwondo Txapelketatik hiru domina ekarri ditu, Erkuden Morenori, Zoe Martini eta Irea Etxanizi esker

Bargagain Taekwondo klubak orain arteko denboraldi ona borobildu du, abenduko zubian Benidormen jokatutako Espainiako Kluben Arteko Taekwondo Txapelketatik hiru domina ekarri baititu. Txapelketa horretan 2.000 taekwondo borrokalarik baino gehiagok hartu zuten parte, Bargagain klubeko sakandarrek tartean. 

Bargagain Taekwondo klubeko entrenatzaile Gerardo Montero Riverak azaldu duenez, txapelketaren maila “oso handia” zen. “Maila guztietan parte hartu zuten gure borrokalariek. Kategoria edo pisu bakoitzeko konbate asko gainditu behar ziren, sarritan lau erronda. Eta nabarmentzekoa da Bargagaingo neska-mutilek emandako maila bikaina izan dela. Hiru domina ekarri ditugu” adierazi du. 

Erkuden Morenok brontzezko domina lortu zuen junior mailan, Zoe Martinek zilarrezkoa haurren mailan eta Irea Etxanizek urrezko domina haurren mailan, hau da, Espainiako txapelduna da. Bargagain faktoriatik sortutako beste perla bat da, Leire Etxanizen atzetik. “Ireak  jokatutako konbate guztiak irabazi zituen, nagusitasun handiz, eta nabarmentzekoa da hori. Eta Bargagaingo gainontzeko guztiak oso ongi aritu ziren. Txapelketan aurrera egin zuten eta soilik kategorien txapeldunen kontra galdu zuten. Txapelketa bikaina egin zuten guztiek, maila handikoa” nabarmendu du, pozik. 

Entrenatzaileak Bargagaingo Saioa Marroyo eta Andoni Baringo teknikariek Benidormen egindako lana eskertu nahi izan du, eta baita Benidormera joan ziren gurasoen inplikazioa eta laguntza.