Areto futbola

Aralar Mendi eta Xota, Hirugarren Mailako Kopan murgilduta

Guaixe 2021ko abe. 17a, 10:00
Aralar Mendi eta Xota, ligako derbian. ARALAR MENDI

Aralar Mendik Anaitasuna izango du arerio eta Xotak Kirol Sport

Aurreko asteburuan jokatu zen Hirugarren Mailako Kopako lehen jardunaldia. Lehen multzoan, Aralar Mendik Vulcanizados Ruiz Tafa taldea izan zuen aurkari eta 5 eta 2 gailendu ziren Tafallakoak. Bigarren jardunaldia asteburuan jokatuko da. Aralar Mendik Anaitasuna izango du aurkari ostiralean 17:30ean Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekuan jokatuko den partidan. 

Bigarren multzoan Xotak Kirol Sporten kontra jokatu behar zuen larunbatean Atakondoan, baina euriteek sortutako itxesurengatik partida atzeratu egin zen. Asteburu honetan bigarren jardunaldia jokatuko da eta igandean Universidad de Navarra taldearen kontra jokatuko du Xotak, OPUS-eko kiroldegian. 

Derbia, Aralar Mendirendako
Hirugarren mailako ligako azken jardunaldian, hamaikagarrenean, Uharte Arakilgo Aralar Mendik eta Irurtzungo Xotak derbi eder eta lehiatua eskaini zuten Irurtzungo Atakondoan. Issa El Akkarik Aralar Mendi aurreratu zuen 8. minuturako. Nahiz eta bi taldeek jokaldi ederrak sortu, markagailua ez zen mugitu. 23. minutuan Xotako Angel Maria Villarrek partida berdintzea lortu zuen eta partidako azken txanpa borrokatua izango zela uste zuten Atakondoan bildutako zaleek. Baina hortik aurrera Aralar Mendi bilakatu zen nagusi, eta Jorge Mariñelarenak, Xabier Cruzek, Youssef El Kkarik eta Issa El Akkarik sartutako golei esker, 5 eta 1 irabazi zuten uharte arakildarrek.  

Gauzak horrela, eta denboraldiko lehen itzulia jokatuta, Mateo Muñoz Ribera de Navarra taldeak jarraitzen du lider (27 puntu). Aralar Mendi zazpigarren postuan dago (14 puntu) eta Xota hamabigarren da (4 puntu). Ligako hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 29an jokatuko da, eta bitartean Hirugarren Mailako Kopan murgildu dira areto futboleko taldeak.