Indurain Fundazioak 160 beka banatu dizkie beste horrenbeste kirolari nafarri. Guztira 307.800 euro banatu ditu Indurain Fundazioak, aurreko urtean baino %14 gehiago, ondoko programetan: Olinpiarrak, Paralinpiarrak, Kirol Egokitua, Euskal Pilota eta Herri Kirolak.
Bekatutako kirolariek aurreko asteartean jaso zuten euren beka Nafarroa Arenan, Indurain Fundazioko ohorezko presidente Miguel Indurain, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaola eta Indurain Fundazioko kudeatzaile Ernesto Modrego bertan zirela.
Beka jaso duten 160 kirolariren artean hiru sakandar daude eta Olinpiar programaren barruan jaso dute beka hirurek. June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak (7.786), Ioseba Fernandez Fernandez irristalariak (2.920) eta Irati Irigoien Crespo taekwondolariak (1.947) jaso dute laguntza.