Ziklo-krosa

Ekain Imaz kadete onena Urdiaingo Ziklo-kroseko infernuan

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 21a, 11:30

Ekain Imaz Perez, ahalegin betean. MARTIN EARLY

Hotza, ura eta lohiak baldintzatutako proban, emakumezkoen kadeteetan Izaro Etxarri gailendu zen eta jubeniletan Amaia Lopez de Uralde eta Beñat Fernandez de la Peña

Jakina da ziklo-krosean aritzen diren txirrindulariak ez direla hotzagatik, euriarengatik eta lohiarengatik kikiltzen, baina abenduaren 5ean Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatutako Urdiaingo Ziklo-kros II. Benigno Mendia Oroimenezkoan lehiatu zirenak horri eta gehiagori aurre egin behar izan zieten, eguraldi zinez petrala egin zuelako. 

Urdiaingo Ziklo-krosa kadeteen eta jubenilen mailako lasterketa zen. Urdiaingo futbol zelaia erdigune hartuta, 2,9 kilometroko zirkuitu ederra prestatu zuten Burundakoek, euri eta elurrarengatik guztiz lokaztu zena eta irudi ikusgarriak utzi zituena. Kadeteen mailako lasterketa oso lehiatua izan zen eta garaipena etxean geratu zen, Quesos Albeniz-Burundako Ekain Imaz Perez altsasuarra gailendu baitzen (31:36), Luyando taldeko Oier Colmenerori 23 segundo aterata. Hirugarren, Ekin taldeko Markel Monasterio sailkatu zen, 53 segundora. Quesos Albenizko Iker Gomez zortzigarren sailkatu zen, 2:38ra, eta bere taldekide Iker Begiristain urdiaindarra hamabigarren sartu zen, 5:28ra. Quesos Albenizko Hegoi Garcia ez zen sailkatu. 

Emakumezkoen kadeteen mailan hiru txirrindulari lehiatu ziren eta Andoaingo Txirrindularitza eskolako Izaro Etxarri izan zen azkarrena (38.49). Txirrinta Bikes taldeko Sofia Los Arcosi 3 minutu pasa (42:20) eta Andoaingo Txirrindularitza Eskolako Intza Navarro Petrirenari buelta bat aterata. 

Junior mailako proban ere borroka latza izan zen. Azkenean, Suministros Zadorrako Beñat Fernandez de la Peñak aurrea hartu zuen eta bakarrik iritsi zen frontoi parean zegoen helmugara (39:39). Bigarren Gama-Muruzabal taldeko Aitor Garcia sailkatu zen (41:00), eta hirugarren Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Unzilla etxarriarra (41:20). Quesos Albenizeko Mikel Regilek ez zuen proba bukatu. Emakumezkoetan txirrindulari bakarra aritu zen, Arabarrak taldeko Amaia Lopez de Uralde, eta proba osatzeko 41:03 minutu behar izan zituen.