Atletismoa

Asier Estarriaga eta Ines Moreno lehen sakandarrak Zubeztiako lasterketan

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 20a, 12:00

Aitor Regillaga eta Maite Arraiza gipuzkoarrek irabazi zuten proban, berriki zendutako Candi Arnanzi omenaldia egin zitzaion

Iazko etenaldiaren ondoren, aurten itzuli zen Zubeztia elkarteak antolatutako 40. Oinezko Lasterketa- 37. Alberto Barricarte Oroimenezkoa. Lasterketa abenduaren 8an jokatu zen, zubian ateri egon zen ia une bakanetarikoan, eta 148 korrikalarik hartu zuten irteera herrigunean prestatutako zirkuituari lau itzuli eman eta probak zituen 10 kilometroak osatzeko asmoz. 

Candi Arnanzi omenaldia

Lasterketa hasi baino lehen, lasterketa honen sortzaileetako bat izandako Candi Arnanz Garciari omenaldi txikia egin zitzaion. Altsasun atletismoa sustatzeko makina bat lan egin izan zuen Arnanzek, eta azaroaren 15ean zendu zen, 89 urte zituela. Senitartekoek, Maite eta Juan Carlos seme-alabak buru zirela, lore sorta jaso zuten eta aurreskua dantzatu zitzaien. Gaztetan korrikalaria izan zen Arnanz –18 urterekin Espainiako Txapelketan parte hartu zuen Nafarroako taldean, tartean Jesus Aldasoro eta Julian Martinez Ubilla zeudela, Altsasun atletismoaren beste sustatzaile batzuk–, eta gero Nafarroako Atletismo Federazioko epaile, Altsauko Kroseko sustatzailea eta nola ez, Zubeztiako probako bultzatzailea izan zen, besteak beste. 

Zubeztia elkarteko lasterketak data borobila zuenez, 40. edizioa, lehendabiziko itzulia azkarren egiten zuenak sari berezia jaso zuen: Katealde produktuen saski ederra. Sariagatik hala ez, irteera oso azkarra izan zen, eta Aitor Regillaga tolosarra izan zen lehen itzulia azkarren egin eta proba irabazi zuena (31:58). Unai Ibarra arrasatearrari 3 segundo eskas aterata (32:01). Iñigo Garcia iruindarrak osatu zuen podiuma (32:36). Sakandarren artean helmugan zazpigarren iritsi zen Asier Estarriaga etxarriarra izan zen azkarrena (33:23), eta Aritz Etxeberria lehen altsasuarra, helmugan hamaikagarren (33:43). 

Regillagak azaldu zuenez “irteera oso azkarra izan da, nahiko eroa. Unai Ibarrak gogotik egin zuen tira eta lasterketa ia guztian aurretik egon da. Erreleboren bat egiten saiatu naiz, baina ezin nuen. Helmugarako 400 metroren faltan erritmoa aldatu, aurrera egin eta proba irabaztea lortu dut”. Ibarrak aitortu zuen azken txanpa horretan ezin izan ziola Regillagari jarraitu. 

Biak lehenengoz aritu ziren Altsasuko proban, baita emakumezkoetan gailendu zen Maite Arraiza lazkaotarra ere (36:30). Proba gustatu zitzaiola aipatu zuen “bihurgune asko daudelako eta azkar joan ahal izateko erritmoa hartzea kosta egiten delako. Lau itzuli dira eta gogorra egiten da”. Maria Ordoñez iruindarra izan zen bigarren (37:14) eta Diana Vecillas gasteiztarra hirugarren (37:33). Sakandarren artean Ines Moreno altsasuarra izan zen azkarrena, emakumezkoetan laugarren postuan (39:23). 


Sakandarrak 40. Zubeztiako Oinezko Lasterketa-37. Alberto Barricarte Oroimenezkoan
Gizonak
1. Aitor Regillaga (Tolosa) 31:58
7.  Asier Estarriaga (Etx) 33:23
11. Aritz Etxeberria (Alts) 33:43
13. Eukeni Goikoetxea (Alts) 34:11
14. Ivan Sobredo (Alts) 34:11
29. Juan Carlos Gomez (Alts) 36:48 
32. Asier Pellejero (Lak) 37:19
44. Asier Ansa (Alts) 38:56
48. Imanol Guerrero (Alts) 39:14
54. Unai Razkin (Irur) 39:49
64. Alberto Arrizabalaga (Olaz) 41:12
76. Asier Larrion (Alts) 42:07
77. Guerrero (Alts.) 42:09
81. Jon Iturrioz (Alts) 42:22
86. Santi Agirre (Itur) 42:40
89. Francisco Gomez (Alts) 42:59
90. Antton Zelaia (Urd) 42:59
94. Luismi Chaves (Lak) 43:12
96. Peio Bergara (Alts) 43:53
97. Iñaki Alvaro (Alts) 43:53
98. Jose Antonio Salgado (Alts) 44:04
101. David Oroz (Urd) 44:58
104. Ismael L. De Goikoetxea (Alts) 45:15
106. Mikel Senar (Alts) 45:41
107. Juan Pedro Ariz (Bak) 45:44
115. Xabier Lopez (Alts) 48:05
116. Alberto Agirre (Alts) 48:07
124. Joxeja Maiza (Etx) 48:56
128. Jesus Sayas (Alts) 50:03
145. Alfredo San Felipe (Alts) 59:15

Emakumeak
25. Maite Arraiza (Lazkao) 36:30
49. Ines Moreno (Alts) 39:23
62. Haizea Ramirez de Alda (Alts) 41:05
125. Maite Zabaleta (Etx) 48:56
131. Amaia Oiarbide (Alts) 51:48
147. Esti Mateos (Itur) 1:04:25
148. Izaro Goikoetxea (Itur) 1:04:25