Sakanako kirolaririk hoberenei aitortza

Guaixe 2021ko abe. 17a, 14:30
Irati Igoa eta Igor Arrieta izango dira hamar sarituetatik bi.

Sakanako Mankomunitateak, gaur, ostirala, 19:30ean, Olaztiko Kultur Etxean 2019, 2020 eta 2021eko Sakanako Kirolaririk Hoberenen sari ematea egingo du. Guztira hamar sari banatuko dira

Sakanako Mankomunitateak 2019, 2020 eta 2021eko Sakanako kirolari hoberenak sarituko ditu gaur, ostirala, 19:30ean Olaztiko Kultur Etxean eginen den ekitaldian. Sariketa, berez, joan zen urtean egitekoa zen, baina pandemiagatik urte bat atzeratu zen eta horregatik aurten azken hiru urteetako kirolari onenak saritu dira. Epaimahaiak hainbat sakandarrek sariketara egindako hautagaitza proposamenak aztertuta hartu zuen erabakia, eta nahikoa lan izan zuen, Sakanan kirolari bikainak daudelako, profesional asko tartean. 

Epaimahaiak ondoko kategorietan izendatu ditu Sakanako kirolari hoberenak: 18 urtez azpiko gizonezkoak, 18 urtez azpiko emakumezkoak, 18 eta 35 urte bitarteko gizonezkoak, 18 eta 35 urte bitarteko emakumezkoak, 35 urte baino gehiagoko gizonezkoak, 35 urte baino gehiagoko emakumezkoak,  kirol talderik onena eta euskara gehien bulkatu duen taldea. Horretaz gain, epaimahaiak bi aipamen berezi ematea erabaki zuen, haien merituak kontuan hartuta. 

Hamar sarituak
Sakanako Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikariak azaldu duenez, Kirol Zerbitzuan sariketarako hainbat hautagaien proposamenak jaso ziren. "Zorionez, Sakanan kirolari asko eta onak ditugu, ez dago hautagaitza faltarik, eta haiek aztertuta hartu zen erabakia" azaldu du. 
Gaur, Olaztin, guztira hamar sari banatuko dira. Sei sari kirolari onenendako izango dira –Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarra, Nahia Imaz Perez altsasuarra, Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra, Irati Igoa Sesma etxarriarra, Josema Urrestarazu Zabalo altsasuarra eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta altsasuarra–, bi sari taldeendako –Bargagain Taekwondo klubak talde onenaren saria jasoko du eta Triku Trail taldeak euskara gehien bulkatu duen taldearen saria–, eta, horretaz gain, bi aipamen berezi egingo zaizkie Imanol Arregi Sarasa Osasuna Magna Xota taldeko entrenatzaileari eta berriki munduko txapeldun izanda goi mailako irristaketa utzi duen Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarrari.