Carmen Maeztu Villafranca

"Erantzun globalagoa lantzen ari gara"

Guaixe 2021ko abe. 21a, 14:01

Javier Ollo Martinezek eta Jokin Zelaia Oiarbidek aterpea gobernuko kideei erakutsi zieten.

Altsasuko etxegabeen aterpea ezagutu ondoren Carmen Maeztu Villafranca Gizarte Eskubideetako kontseilariak baliabide horien eta adinekoen arta zerbitzuez azalpenak eman zituen.

Marino Ayerra etxegabeen aterpearen aurtengo finantzaketa lotuta dago. Horretarako lankidetza hitzarmena sinatu zuten Javier Ollo Martinez alkateak eta Carmen Maeztu Villafranca gizarte eskubideetako kontseilariak hilaren 14an. Haren bidez Altsasuko Udalak 8.967 euro jasoko ditu. Bide batez, Maeztuk aterpea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. 

Dagoeneko aurten 133 pertsona pasa dira aterpetik. Kopuru hori pandemiaren aurreko urteetakoa baino nabarmen txikiagoa da. Joan den urteko udaberri hasieran hainbat astez itxita egon zen. Ondoren hara joaten ziren edo edukiera osoa zuten beste aterpetxe batzuetatik edo babes zibiletik edo polizia kidegoetatik eramandako pertsonak, ezarritako konfinamendua han pasa zezaten. Egoera horretan, 2020an 167 pertsona desberdin hartu zituen Altsasuko aterpeak, %96,6 gizonezkoak eta emakumeak, berriz, %3,4.

Nafarroan hiru aterpetxe daude: Tuteran, Iruñean eta Altsasun. Baliabide horiei zein garrantzia ematen diezue? 
Etxerik ez duten pertsonenak artatzeko beharrezkoak dira. Pertsona horiei arreta eskaintzeko plan on bat izatea Nafarroako Gobernuaren kezka da. Altsasuko aterpea mantentzea oso garrantzitsua da, eta garrantzitsua da halako baliabideak herrialdean barna banatuak egotea. Gainera, etxerik gabe bizitzea praktikatzen duten pertsona askorendako oso ezaguna den puntua da. Inklusio planaren barruan etxerik gabe bizitzen diren pertsonei erantzun globalago bat ematea lantzen ari gara. Horrela erantzuna eman nahi diegu, ez aldi batez horrela bizi direnei, baizik eta horrela etengabe bizi direnei. Toki batetik bestera doan pasadizoko jendea dago, baina etengabe etxerik gabe bizi diren pertsonak ere badaude. 

Zer egin asmo duzue?
Donostiako Eguia Careaga fundazioak ikerketa eta proposamena egin digu. Azken hori, etxerik gabe bizi diren pertsonei eman beharreko erantzuna zein izan beharko lukeen dio. Egia da hiriguneetan gehiago dagoen fenomeno bat dela. Nafarroan ez du dimentsio handirik: 200-300 bat pertsona dira. Baina horri ere erantzun berritzaileagoak eman beharra zaizkio. Zeren askotan erakundeek eman duten erantzuna izan da egoitzetako egonaldiei mugak jartzea, eta horrek jendea aterpe batetik bestera joatea eragin du. Hori ere aldatzen ari da. Hirietan kokatutako pertsonak ere badaude. 

Aldaketarik izan da? 
Bai. Orain arazo handiena oso baldintza onetan ez dauden etxebizitzak dira. Hau da, jende pila bizi diren etxeak, inork sekula zaharberritu ez dituzten etxebizitzetan bizi direnak… Oso baldintza eskaseko etxebizitzak dira. Eta horrekin arazo gehiago izaten ari da. Halako etxebizitzek jendea finkatzen dute. Pandemiarekin batetik bestera ibiltzearena saihestu egin da. 

Bestalde, adinekoak etxean ahalik eta gehien egoteko plangintza, zertan da? 
Alde batetik, hogei urteren ondoren dekretua aldatu eta onartu dugu. Hark lan egiten dugun esparru guztietako gizarte zerbitzuen egoitza zerbitzuen, eguneko arreta eta anbulatorio arreta funtzionamendua arautzen du. Adinekoen, mendekotasuna eta desgaitasuna dutenen kasuan eredu txikien alde egin dugu, elkarbizitza unitateak. Egoitza berriak eraikitzerakoan mugak jarri ditugu, plaza kopuru jakin bat gainditu ez dezaten. Gainera, elkarbizitza unitate modura eraiki ditzatela. Europako funtsekin dauden egoitzak zaharberrituko ditugu, eredu horretara bihurtzeko; ahal diren neurriak elkarbizitza unitate, bakarkako gela gehiago egon daitezen, espazio txikiagoak. Pertsonan, haren zainketan zentratuta egon daitezela. Pertsonek etxea uzten duten haustura ez dadila sortu. Egoitza ereduak etxearen antza gehiago izan dezala, inguru lagunkoiagoak eta txikiagoak sortuz, zeinetan langile errotazioa txikiagoa izanen den. Eta zeinetan pertsonek astegun guztietan jarduera berak izanen dituzten. Haiek han bizi eta hura beraien etxea delako. Zeren egoitzak egon behar dute, jende batzuk ezin baitute beraien etxean segi. Gainera, pandemiak agerian utzi du espazio handiko erakundeen eredua ez dela egokia. Aldaketa horretarako diruaren zati bat langileen prestakuntzarako izanen da. Mundu guztiari estandarizatutako zerbitzuak ematera ohituta gaude, eta lan egiteko ditugun moduak aldatu beharra dago, bakoitzari behar duena ematen saiatzeko. Eraldaketa prozesu hori luzea da. 

Beraz, Altsasuko Aita Barandiaran egoitzan lanak eginen dira.
Inbertsioetarako deialdia eginen dugu, prestatzen ari gara. Lanak egoitzak esandako eredu horretara aldatzeko egin beharko dira. Kontua ez da izanen hau edo hura konpontzea. Lan horien zati bat gobernuak eginen ditu bere egoitzetan. Eta 2024 bitartean egin beharko dira. eta 

Eta etxeko arretaren inguruan, zer aurreikusi duzue? 
Pertsonak etxean ahalik eta gehien gelditzen lagunduko duten baliabide guztiak indartzen saiatuko gara. Mendekotasuna duten 14.000 nafar daude gutxi gorabehera. 3.000 egoitzetan bizi dira eta gainerakoak bere etxean. Etxean bertako teleasistentzia eraldatzeko proiektu garrantzitsua eginen dugu: teleasistentzia modernoagoa bihurtu, zerbitzu gehiago eskaini, arretarako beste metodologia batekin… Orain medailoi baten bidez da, mugimendu detekzio sistemen bidez. Dagoeneko deialdia egina dago. 

Horrekin batera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen etxeko arreta ere moldatu nahi dugu. Baita zaintzaile profesionalen kontrataziorako laguntza sustatu ere. Horrek jendea bere etxean egoten laguntzen duelako. Eta, gainera, eguneko arretako zerbitzu guztiak. Dauden plaza kopurua handituko dugu. Hor hobetzeko tarte handia dugu. Autonomia pertsonalaren eta mendekotasunaren prebentzioaren sustapenerako zerbitzuak eguneko zentroen bidez edo etxean bertan emanen ditugu. Beti ere kontuan izanik Nafarroaren errealitatea oso anitza dela. Herri txikiak dauden inguruetara zerbitzuak hurbildu beharra dago. 

Bertan proiektuaren bidez cohousing edo kolaborazio etxebizitza aurreikusi da Arbizun.
Halako ostatuak ere sartu ditugu lehen aipatutako dekretuan, ez baitzeuden. Bultzatu beharra dagoen baliabidea da.