Astekaria

Arropa edukiontziak ibarrera bueltan

Guaixe 2021ko abe. 22a, 14:02

Arropa biltzeko aurreneko lau edukiontziak Altsasun jarri dira. MANK

Emausko Trapuketariek ibarrean 29 jarriko dituzte. Dagoeneko aurreneko lauak Altsasun erabilgarri daude. Emausko Trapuketariak arduratuko dira bilketaz. Europako Hondakinei buruzko legediak dio 2025erako herri guztietan arropa bilketa ezarria egon behar duela.

Bi urte gabe egon ondoren, arropa biltzeko edukiontziak bueltan dira Sakanan. Lehendabiziko lauak Altsasun jarri ditu Emausko Trapuketariak (guztira hamar izanen dira). Horretarako, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuarekin hitzarmena sinatu du. Geroz, trapuketariak arduratuko dira edukiontzietan jasotako arropa, poltsa, gerriko, oinetakoak eta beste jasotzeaz. Langintza hori ez zaie arrotza trapuketariei, etxez etxeko bilketa egiten baitute Sakanan, eta garbi gune finkoetan jasotako arropa ere eramaten duelako. 

Emausko Trapuketariek jasotako arropa guztia Berriozarren duten berrerabilpen eta birziklapen plantara eramaten dute. Han arropak sailkatu eta higienizatu egiten dituzte. Egoera onean dagoen arropa berrerabiltzeko haien denden bidez salgai jartzen dute. Egoera txarrean dagoen arropa birziklatu egiten da garbiketarako trapuak sortuz. Emauseko Trapuketariek 2020an, Nafarroan, 2.395.511 kilo arropa bildu zituzten, bildutakoaren %72,5a. Kopuru horren %4,4 berrerabili zen eta %68,1 birziklatu.

Amaia Okariz Ormaetxea zerbitzuko hezitzaileak azaldu duenez, “bagenekien oso ongi funtzionatzen zuen zerbitzua dela eta herritar askok faltan bota dutela. Izan ere, kalean arropa edukiontziak izatea arropa edozein momentutan botatzeko aukera izatea ahalbidetzen baitu eta oso erosoa baita herritarrendako”. Okarizek azaldu duenez, “pitteka-pitteka Emauseko Trapuketariak arropa edukiontziak gure herrietako kaleetan jartzen hasi dira”. Guztira ibarrean 29 banatuko dituzte, “lehenago arropa edukiontziak egon ziren tokietan jarriko dira berriro”. 

Datuak eta hausnarketa
Hezitzaileak azaldu duenez, “moda azkarraren barne dauden kateetan saltzen den arroparen %50 urtea bete aurretik hondakin bihurtzen da. Orain dela 15 urte baino %60 arropa gehiago erosten dugu eta denbora erdia erabiltzen dugu”. Horren ondorioz ehunak hondakin bilakatu dira, “eta sortutako kantitateak gorakada izugarria izan du. Estimatzen da gaur egun sortzen ditugun hondakinen %4-5 inguru textilak direla”.

Horregatik, Mank-etik barreko hausnarketarako deia: “pentsatu duzu inoiz benetan hainbeste arropa behar ote duzun? Izan ere, 7.500 litro ur behar dira praka pare bat ekoizteko, gutxi gorabehera  pertsona batek zazpi urtean edaten duen ur kantitate bera”. Okarizek gaineratu duenez, “ehungintzaren industriak produktu kimiko toxikoak erabiltzen ditu, ur eta argindar kontsumo altua dauka eta hondakin toxiko asko isurtzen ditu”.

Arropa erostean “kritikoago jokatzeko” deia egin dute zerbitzutik, eta“arropa eskuratzeko bide jasangarriagoak erabiltzea” gomendatu dute, “esaterako, bigarren eskuko arropa eskuratuz edota ehun naturalekin edota material birziklatuekin egindako arropak aukeratuz. Gainera, gure arroparen bizia luzatu dezakegu hura konponduz eta arropa zaharrekin arropa berriak sortuz”. Beste aukera bat ere proposatu dute: “erabiltzen ez dugun arropa, lagunei, senitartekoei, laguntza ematen duten elkarteei, eta abarrei oparitzea”.

Arropa bilketa handitu 
Okarizek jakinarazi duenez, “gaur egun sortzen denaren %15-20 inguru bakarrik lortzen da sailkatua biltzea. Europako Legediaren arabera, 2020. urterako gutxienez %50ak, berrerabilpen eta birziklapenaren bidea hartu beharko zukeen”. Ehunak hondakin ez bihurtzeko aholkua eman du: “erabili behar ez dituzun textilak edota apurtu zaizkizunak eta egoera txarrean daudenak, arroparen edukiontzi horietara bota. Ez bota errefusarekin edukiontzi berde edo grisera”. Izan ere, 2018an errefusaren edukiontzian jasotakoaren %6,42a textilak ziren. Behar ez zuten tokian zeuden. 

Hezitzaileak ehunak behar bezalako bidea egiteko eta zabortegi batean lurperatuta ez bukatzeko, sakandar guztien laguntza behar dutela nabarmendu du. Horretarako, arropa bilketako edukiontziak erabiltzea, textilak Arbizuko edo Altsasuko garbi guneetara eramatea (astegunetan 09:00-14:30era) edota arropa etxean jasotzea eskatu daiteke (948 464 867 telefonora hots egin). 

Arropa bilketaren kronologia laburra
Urtea Egindakoa
1995 Sakanako Mankomunitateak Emausko Trapuketariekin hitzarmena itxi eta arropa atez ate biltzeko zerbitzua martxan jarri zen.
2006 Arbizun dagoen Utzubar EKO Gunean ere arropa biltzen hasi ziren.
2013-06 Sakanako Mankomunitateak Humanarekin hitzarmena sinatu eta erakundeak herrietan arropa biltzeko edukiontziak jarri zituen.
2019-12 Humanak jakinarazi zuen Nafarroako delegazioa itxi eta edukiontziak herrietatik kenduko zituela.
2020-11 Altsasuko garbigune finkoan ere arropa bilketa hasi zen.
2021-12 Sakanako Mankomunitatearen eta Emausko Trapuketarien hitzarmenaren ondoren ibarrean 29 arropa edukiontzi jartzen hasi dira.