Astekaria

Osasun sistema publikoaren defentsan

Guaixe 2021ko abe. 17a, 13:01

Altsasuko osasun etxe parean egindako bilkura.

Osasun etxeen parean ostegunean egindako bilkuretan oinarrizko osasun arreta ‘interes politikoengatik hiltzen’ uztearen kontra egin, eta osasun sistemaren ‘gabeziak eta mugak’ konpontzeko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan estrategia aldaketa exijitu dute.

Nafarroako osasun plataformak deituta herrialdeko osasun etxeen parean kontzentrazioak egin ziren ostegunean. Irurtzunen hamabost bat pertsona elkartu ziren, Etxarri Aranatzen hogei bat eta Altsasun ehun. Bilkura horien bidez plataformak Nafarroako Gobernuari “osasun sistema publikoa salbatzeko borondate politikoa” eskatu zion. Azaldu zutenez, “aurrekontuen aurreproiektuan,oinarrizko arreta aurrekontu osoaren %15 da, eta hazkunderik gabe mantentzen da”. Gaineratu zutenez, “aurrekontu horiek onartzeak, osasun sistema publikoa gehiago hondatzea eta desegitea etorriko du, eta horrek aseguru pribatuen onura handiagoa ekarriko du, dagoeneko eskuak igurzten ari baitira, kaosaren zain”. Plataformako kideen iritziz osasun sistemaren “arazo asko aurreko gobernutik heredatu dira, murrizketa ugari egitearen ondorioak, esaterako. Baina, era berean, egungo gobernuan ez dagoela egiazko aldaketarako borondaterik”. 

Osteguneko protestaren deitzaileen iritziz, “oinarrizko Osasun Laguntza leku pribilegiatua da jendearen osasunaren alde lan egiteko, ez bakarrik arlo biologikoari dagokionez, baita arlo sozialari ere. Zentroetan pazienteei bizitzan osoko jarraipena egiten zaie eta sendatzen laguntzen zaie, ez bakarrik sendagaiak aginduz, baita inguruan dauden baliabideak mugituz eta dituzten bizi baldintzetatik ikasiz ere”. Osteguneko bilkuretan, besteak beste, salatu zituzten: medikuen mugikortasuna, haiek pazienteak ezagutzeko aukera ez izatea, kontsultetarako denbora gutxi izatea eta espezialistengana bideratzen da jendea askotan, egiazko beharrik gabe edo pazienteei behar bezalako jarraipena egin ezin izana, kontsulta atzeraezinekin ari direlako profesionalak. 

Plataformako kideen iritziz, halako osasun arretan nahi dute herritarrendako: “eskuragarriagoa, hurbilagoa eta gizatiarragoa da; behar adina profesionalek egiten duten arreta, lanpostu egonkor eta duinak dituena, eta kalitatezko arreta ematea ahalbidetzen duena, bai egunerokoan gertatzen diren arazo akutuei, bai gaixotasun kronikoei, bai adinekoak etxean zein egoitzetan zaintzeari, bai osasun mentaleko, laneko osasuneko, komunitateko osasuneko, prebentzioko eta hezkuntzako arazoei”.

COVID-19ak ekarri duena
Pandemiarekin osasun etxeen egoerak okerrera egin duela nabarmendu dute: “medikuntzako, erizaintzako eta harrerako profesionalen errefortzu eta ordezkapen faltaren ondorioz, maiz beharrezko ezagutzarik gabe aritzen direnak, gainera”. Horrekin batera, “COVID-19ari lotuta ez dauden patologien eskaria handitzen ari da egunero, patologia horiek bigarren mailan daude, eta itxarote zerrendak areagotzen ari dira. Horrek erantzukizun handia dakar, COVID-19ak lan karga handia eragiten duelako”.

Eta plataformakoek osasun arloko langileek “beren lana ongi egin ezin dutelako sentitzen duten frustrazioa” mahai gainean jarri dute: “herritarrak ahalik eta hobekien artatzen etengabeko ahaleginak egiten ari dira. Horiek estresa eta antsietatea eragiten diete profesionalei eta egoera jasanezina jartzen ari da; gainera, larriagotzen ari da erabiltzaileek harrerako langileei egiten dizkieten gaitzespen eta modu txarrengatik”.

Salatu zutenez, “gerentzia ez da gai izan gertatzen ari denari buruzko informazio argia emateko pazienteei. Administrazioarentzat, erabiltzaileak ez dira existitzen. Nork ematen die irtenbidea pazienteei?”