Mendia

Mendigoizaleen Eguna, bertan behera bigarrenez

Guaixe 2021ko abe. 17a, 11:30

Mendizaleak Aralarrera bidean, 2017ko Mendigoizale Egunean. ARTXIBOA

Pandemia dela eta bertan behera geratu dira Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako ospakizunak, baina igandeko 12:30etako meza urtean zendutako mendigoizale guztien aldekoa izango dela azaldu du Mikel Goiaingerua Kofradiako lehendakari Jesus Mari Ustarrozek

Gabon gaueko aurreko igandea egun handia izaten da mendigoizaleendako, Mendigoizale Eguna. 1964. urtean, urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatzen du, eta urtero Nafarroako mendi klub bati egokitzen zaio festa antolatzea. Hildakoak oroitu, aspaldiko mendizale lagunekin bildu eta urtea despeditzeko egun ederra izaten da. Mendizale guztiak Aralarrera igotzen dira, ibilbide eta toki ezberdinetatik –Uharte Arakilgo bidetik, Lakuntzakotik edo Larraun aldetik–, guztiak goian bildu, eta mendizaleen aldeko meza elizkizuna eta auzate eta festa polita izaten da. 

Joan den urtean ez zen Mendigoizaleen Eguna antolatu, pandemiarengatik, eta gaur egungo egoera nola dagoen ikusita, igandean ospatu beharreko festa eguna bertan behera uztea erabaki du Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak. Hala berretsi du Mikel Goiaingerua Kofradiako lehendakari Jesus Mari Ustarrozek. “Igandean urteroko Mendigoizaleen Eguna festa ospatzekoa zen Aralarko San Miguel Santutegian, baina COVID-19 izurritea dela eta, aurten ere festa ospatzea ez da posible izango. Hala ere, eta Santutegiak mendigoizale guztiekin duen lotura kontuan hartuta, iganderoko 12:30etako Aralarko ohiko meza elizkizuna urtean zendutako mendigoizale guztien aldekoa izango da” azaldu du Ustarrozek. 

Eguberriak santutegian
Eguberriak ate joka daudela kontuan hartuta, Mikel Goiaingerua Kofradiatik Gabon zoriontsuak opa dizkiete sakandarrei eta Gabonetako elizkizunetan parte hartzera gonbidatu ditu. “Urte Berri eguneko meza nagusi ospatsuan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, urte hasiera zoragarria izateko” nabarmendu du Ustarrozek.