Txosten bat liburu bihurtuta

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abe. 21a, 13:02
Amets Arzallus Antia Iortia kultur gunean.

Amets Arzallusek Ibrahima Balderen historia idatzi du ‘Miñan’ liburuan, eta aurreko asteartean Altsasuko Iortia kultur gunean liburuaz aritu zen Sakanako Mankomunitateak eta AEK Itsasi euskaltegiak antolatutako solasaldian.

Miñan liburuak Ibrahimaren bizipenak kontatzen ditu. "Egileak bi gara. Berak eskuz ez badu idatzi, ahoz idatzi du, Berak bizi du, gogoratu du eta kontatu du. Berak erakutsi du nola kontatu". Amets Arzallus Antia kazetaria eta bertsolaria, beraz, Ibrahimaren eskuak izan da historia kontatzeko. Hasiera batean Miñan ez zen liburu bat izan behar ere. Ibrahimak asiloa eskatzeko txosten bat bezala sortu zen; argitaratu eta bi urtetara "hamahiru edo hamalau edizio" egin dira eta hainbat hizkuntzatan publikatu da, tartean gaztelania, katalana, italiera eta galegoa.

Sakanako Manomunitateko Euskara zerbitzuak eta AEK Itsasi euskaltegiak gonbidatuta Arzallusek Miñan liburuaz hitz egin zuen, asteartean, Iorti kultur gunean egindako solasaldian. Ibrahimaren eta Arzallusen arteko harremana ulertzeko, Irungo eta Hendaiako egoeraz hitz egin zuen idazleak. Hendaiarra izanda Irun eta Hendaia artean hanka bana oso naturala izan da berarendako, eta migrazioaren fenomenoa betidanik egon da, "migratzaileen jatorria aldatu da", duela hiru urte Irunetik iritsi eta Irunetik ezin pasa kalean gelditzen diren "migranteen pausua trabatuta eta zauritua" handia dela azaldu zuen.

Egoera horren aurrean Irunen Irungo Harrera Sarea boluntario taldea sortu zen. San Juan plazan, udaletxearen aurrean, mahai bat jartzen dute egunero, eta helburu nagusia migratzaileei informazioa eta orientazioa ematea da. Arzallus bertan aritzen da ere. Irungo Harrera Sareko boluntarioek egunero tren geltokitik eta mugaren ertzetatik bueltatxo bat egiten dute iritsi berriei bilerak egiten direla azaltzeko eta bertaratzera gobidatzeko. "Informazio eman, non dauden azaldu, plazatik mugara bost minutu daude eta bidea erakusten zaie, autobusen lineak noiz pasatzen diren, Gurutze Gorria non dagoen bertan lo egiteko eta jateko aukera dutelako…".

Duela hiru urte
2018eko urrian Arzallus iritsi berriei Sarearen berri emateko tour txiki hori egiten ari zela Ibrahimarekin topo egin zuen. Sandaliak zeramatzan, urrian. "Erraza da jakitea iritsi berriak diren. Okertu zaitezke, baina normalean nabaritzen da". Ibrahima Almeriatik sartu zen Europara, hilabete batean Cadizera eraman zuten eta handik autobus batean Bilbora. Euskal Herritik Frantziara zeharkatu nahi zuen. "Ez Ibrahimak bazekielako nora joan nahi zuen, gehienek badakite, baina batzuk noraezean iristen dira eta inertziari jarraituz eta bidean egindako lagunen norabidea jarraituz joaten dira".

Hendaiara iristea lortu zuen behin, eta Baionarako autobusa itxoiten ari zela, poliziak hartu eta Irunen utzi zuten berriro. "Renfeko tren geltokian zegoen eta gerturatu nintzen azaltzera boluntario talde bat badagoela eta nahi bazuen hurbiltzeko. Esan zidan gure taldea ezagutzen zuela duela bi egun iritsi zelako eta telefonoa kargatzera etorri zela geltokira. Baina bertan zeuden gehienak iritsi berriak zirela eta nahi banuen lagunduko zidala haiengana gerturatzen". Arzallusek laguntza eskaini zion, eta Ibrahimak Arzallus lagundu zuen. "Horrela ezagutu nuen".

Ahozko literatura
Ibrahimak Irunen gelditzea erabaki zuen, Sareak eskainitako informazioa entzun ondoren. "Nola erabakitzen du pertsona batek Irunen gelditzea? Muga non dagoen azaltzen zaie, autobusen ordutegiak eta abar. Baita Espainian hasi behar dutela bere bide legala; itxaropenerako bidea dela asiloa eskatzea". Irungo Harrera Sarea apirilean martxan jarri zenetik urte bukaerara arte 10.000 pertsona pasa ziren. Urte horretan, 2018an, pertsona horietatik hogei pertsonak eskatu zuten asiloa. Asiloa iritsi diren herrialdean eskatu behar dute.

Asiloa eskatzeko Irungo kasuan Donostiako polizia nazionalaren komisaldegi batean eskatu behar dute. Prozedura legala egiten hasten dira. Boluntario taldean ere badago horretan aditua den jendea, eta laguntzen diete. Eskatu eta hamar hilabetetara haien bizipenak azaltzeko eta babes eskaera egiteko arrazoiak eman behar dituzte polizia baten aurrean. Prozesua luzatzearen "abantaila" da aterpetxe bat eta janleku bat eman behar dietela. Hilabete horietan ahoz poliziaren aurrean kontatu behar zuen "bizitza eta zauria" prestatzeko elkarrizketak egiten hasi ziren. "Paper batean emango genien toxstena euskarri hori ere izateko". Hiru hizkuntzatan aurkezten zuten txostena.

"Gauza gogorrak kontatzeko modu harrigarri ederra zeukan Ibrahimak" 

Ibrahima bere hiztoria kontatzen hasi zen, "lehenengo aldian ez duzu horrela botatzen, gauzak uzten dituzu, modu desordenatuan kontatzen dituzu…". Baina lehenengo egunetik esan zion "Ni Europan nago baino nik ez nuen Europan egon nahi". Migranteak ikusteko modua aldatu zitzaiola azaldu du Arzallusek. "Interes bat bazegoen, jakinmina eta kezka. Entzun nuenean hizketan nola hitz egiten zuen, hitzak, aditzak, esaldien luzera, isiltasunak, metafora bat tarteka… Harrituta utzi zidan. Harrituta eta harrapatuta aldi berean". Gauza gogorrak kontatzeko modu harrigarri "ederra" literaturaren aldetik. "Pertsona bat ia idazten ez dakiena baina beste alfabeto bat eta beste literatura bat erabiltzen duena, pentatsatzen dut bere jatorrizko hizkuntzako ahozkotasunagatik". Historia bat zegoen, ahots bat, estilo bat oso berezia zena zegoen. "Pertsona honek badauka zerbait berezia".

Liburua
Hala ere, Ibrahimak kontatzen zuena oraindik ere poliziaren aurrean azaltzeko eta entregatzeko txostena osatzeko zen. "Ez da imajinazio asko behar jakiteko ezezkoa emango ziotela. Beste batzuek froga eta dokumentuekin atzera botatzen dituzte. Berak bere istorioan ez zuen esaten ihes egiten zuenik bere bizitza arriskuan zegoelako, ez zelako bere kasua". Ikusita kalean geldituko zela "zerbait gehiago" egitea pentsatzen hasi zen. "Komisaldegi barruan sentsibilitate apur bat mugitzeko, behintzat".

Txosten bat izatetik liburua izatera pasa zen. Hasiera batean autoekoiztea pentsatu zuen Arzallusek, eta, ondorioz, salmentarako "beste bide" batzuk hartu, "top manta, adibidez". ISBN zenbakia eta guzti ordainduta dagoela azaldu zuen. Autoekoizpenerako dena prest zegoen, "buruari bueltak ematen ibili ginen". Orduan, lana bi lagun idazleri eman zien: Eider Rodriguez eta Lander Garro. Haiek esan zuten merezi zuela eta argitaletxe batekin harremanetan jarri behar zela. Susa gomendatu zioten.

Ibrahima
Asiloaren erantzunaren zain Oñatira eta, ondoren, Vallekasera mugitu zuten. Han mekanika tailer batean aprendiz moduan praktikak eta lanean ari da. Egun batean erantzuna iritsi zen: Ezezkoa, eta hamabost egun zituen Europatik alde egiteko, bestela egoera irregularrean geldituko zela. “Beste zirrikitu batzuk hartu ditugu, errekurtso bat jarri, praktika jarraitu du eta Madrilen jarraitzen du gustatzen zaion ofizio bat ikasteko aukera ematen diotelako”.

Erregulatzeko beste modu bat “sustraituta” dagoela erakustea da eta horretarako hiru urtez enpadronatuta egon behar du Espainian, kontratu bat behar du eta pasaportea. “Ulertzeko zaila da, baina kontratua egin nahi diote baina ezin Gizarte Segurantzako zenbakia ez duelako, eta kontratua ez duenez ezin du zenbakia lortu. Pasaportea ginearra duela gutxi lortu zuen”. Erregulazio bidearen azken urratsak ematen ari dira. “Esperantzarekin laster erregularizatu daitekeela”. Bitartean kamioi eta garraio astunak konpontzen ikasten eta lan egiten ari da, “tartean poliziaren ibilgailuak”.