Astekoa

Bidezidorra

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2021ko abe. 20a, 08:32

Amaia izan zen erregistroan jarritako izena; hala ere, lagunek, erdi txantxetan, Amaia > Moio izengoitia jarri zioten jolas eta kirol indartsuak gustuko zituelako, futbola eta antzerakoak. Horrela, Moio izengoitiaz ezagutzen zuten hurbilekoek eta berak gustuko zuen izen hura. Hamazortzi urte betetzean, bere burua mutil sentitzen zuela-eta aurrerantzean Aimar izanen zela esan zien familiakoei eta hurbileko lagunei. Handik aurrera, bere identitatea zehaztearen premia gero eta handiagoa zen. Txantxazale eta alaia izatetik bere jarrera tristeagoa eta pentsakorragoa bihurtu zen. Bera, mutil sentitzen zen neskaren gorputzean. Gogoetan ari zen gorputz aldaketaren trantsizioa egitea mereziko ote zuen, alegia, hormona tratamenduak eta zirugiak ebakuntzak egitea sexuaren aldaketa fisikoa burutzeko. Latza! Moiok bakarrik bizi zuen prozesua; izan ere, ez zuen erreferentzia askorik, ezta transexualitateaz gehiegi sakondua zuen talde edo kolektiborik ere. Bere gaztetasunean bakarrik, eredu hertsiak eta zurrunak eskaintzen dituen gizarte sistema baten aurrean, familiatik hasita, lagun giroan, jendarteak eskainitako aukera eta baliabideetan, osasungintzan, administrazioaren burokrazia bihotzgabean…horrela, inor errudun jo gabe, berak izan nahi zuen pertsona izateko aurrean zituen traba eta eragozpenak gainditu ezinak zirela sinistuta, senideentzat agur gutuna idatzita, bere burua labarretik bera botatzea erabaki zuen.

Moio. Gordetzea ezinezkoa zen’ izenburua du Kattalin Miner idazlearen saiakerak eta gertakari hura gogoan iraunaraztea du helburu. Izan ere, Maddalen Lujanbiok, bere bertsokera zirraragarrian, Moiori erreferentzia eginez azaldu zuen bezala, otea bestetik ez zen eremuan Moiok bidezidorra ireki zuen ondorengoek egin behar duten bidean argitasun pixka bat izan dezaten. Hain zuzen ere, Moioren heriotzaren inpaktuagatik, jende multzo eta kolektibo askok genitalitate eta generoari buruzko hausnarketa sakonak burutu dituzte eta aurrera pausuak eman dira. Hala ere, bidezidorra bide zabala bihurtzeko lan handia dago egiteko oraindik. Genero eta sexu fobiak gaindituta, pertsonak ikusiko dituen gizartea premiazkoa dugu.

Moio berriki irakurri dudan liburua da; orain, Eguberriak gainean ditugula, Olentzerori euskarazko liburu bat eskatuko diot, besterik ez. Eguberri on!!!