Ignacia Lizarraga, egiaren aldeko borrokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Unai Razkin 2021ko abe. 20a, 09:21

Aste honetan hil da Ignacia Lizarraga Aldaburu, 101 urte bete berri zituela. Lau seme-alaben ama, oso gazte zela alargundu zen, familia aurrera ateratzeko ardura bere bizkar gainean hartu behar izan zuelarik. Ignaciaren bizitzak bira tragiko bat hartu zuen 1984. urteko otsailaren 8an, bere semea zen Angel Gurmindo Lizarraga, Stein, GAL erakunde parapolizialak tiroz hil zuenean Hendaian, Bixente Perurenarekin batera. 

Stein 1975eko apirilean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Hilario Urbizu, Karlos Zabala eta Juan Mari Salinas olaztiarrekin eta Roberto Martinez lakuntzarrarekin batera. Bilboko La Salve komisaldegira eraman zituzten galdeketak egitera. Han "lasaiago" torturatzeko aukera zuten, Francok salbuespen egoera ezarria zuelako Bizkaia eta Gipuzkoan. Salbuespen egoera bi hilabetez luzatu zen, emaitza beldurgarriarekin: 8 euskal herritar hilik, Frantziako herritar bat ere hil zen Paben Espainiako Kontsulatuan eginiko protesta ekintza batean, ehunka atxilotu, torturatu... Frankismoaren azken txanpa odoltsua zen, Franco hil baitzen. Denbora gutxi egin zuen Steinek preso, hilabete baten bueltan etxean zen berriz, baina poliziak ez zuen bakean utzi. Frankismoaren torturatik ihes egiten utzi zuen Olazti 1975. urteko amaieran. Zortzi urte geroago itzuli zen zerraldo, Madril eta Parisen agintean zeuden sozialistek, hurrenez hurren, bultzatu eta babestu zuten euskal errefuxiatuen ehizaldian eroria. Otsoportilloko leizean hartu zuen atseden, frankismoaren hasieran afusilatutakoen ondoan.
 
Ordutik, Estatuek antolaturiko gerra zikinaren atzean estaltzen den egiaren aldeko borrokalari nekagaitza izan da Ignacia. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino eraman zuen Ignaciak guda zikinagatik kaltetutakoen eskubideen aldarrikapena. Bere helburua gauzatua ikusi gabe agur esan digu, Steinek Estatu terrorismoaren biktima gisa aitortu gabe jarraitzen duelako, beste asko eta askok bezala. Baina asko da egiaren bidean aurreratu duguna, munduak GAL zer izan zen badaki, haren buruan egon zen X-a ere ezaguna da. Aitortza ofiziala eta ahal den neurriko erreparazioa lortu arte segituko dugu lanean. Norabide honetan, bada urrats bat 2020an Nafarroako Gobernuak egindako txostenean Steinen erailketa jaso izana. Eskerrik asko Ignacia, Herria egiteagatik.