Zabaletarendako izan ezik, Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldia ez da batere ona izan pilotari sakandarrendako.
Ostiralean, Urdulizen, Altuna III.ak eta Martijak sekulako jipoia jaso zuten, Urrutikoetxeak eta Arangurenek 4 eta 22 irabazi baitzieten. Altuna ezagutezin ibili zen; ez zen betiko Altuna, inondik inora. Akatsa bata bestearen atzetik eta ezin asmatu ibili zen amezketarra. Urrutikoetxea, aldiz, ikusgarri aritu zen, eta bere gainetik pasatu zen. Atzeko koadroetan ere, antzeko. Gaizki aritu zirela aitortu zuten Altunak eta Martijak, ez zela euren eguna izan, ez zutela asmatu. Ahaztu eta burua datorren jardunaldian jartzea, ez dute besterik.
Atzo, igandea, Ezkurdiak eta Tolosak Laso eta Imaz izan zituzten aurkari Eibarko Astelenan. Aurrelari arbizuarrarendako partida oso garrantzitsua zen, lehen garaipena lortu eta gero, Laso eta Imaz irabaziz gero, eurekin bi puntutara berdinduta geratuko baitziren. Baina ezinezkoa izan zen. Ezkurdiak zortzi tanto egin zituen, baina beste horrenbeste huts. Erregulartasun falta izan zen bere arazo nagusietako bat. Ezkurdiak eta Tolosak pilatutako akatsak, hamabi guztira, gehiegizkoak izan ziren partida irabazi ahal izateko. Bestalde, Ander Imaz, partidako onena, ikusgarri aritu zen: ez zuen hutsik egin, Ezkurdiaren eta Tolosaren erasoei ederki eutsi, eurek akatsak egitea ahalbideratu, eta Lasorekin 13 eta 22 irabazteko gakoa izan zen.
Zabaleta da bosgarren jardunaldiari etekina atera dion sakandar bakarra. Larunbatean sekulako partida eskaini zuten Elezkano-Zabaletak eta Peña II.a-Albisuk Labriten: partida borrokatu, estua, zaletasuna sortzen duena. Baikoko bikoa hasi zen hobe; 13 eta 19 aurreratu ziren Peña II.a eta Albisu, eta orain arteko partidarik onena egin zuten. Garaipena bideratuta zutela zirudienean, azken txanpan, Elezkanok eta Zabaletak buelta eman zioten partidari, eta ekinaren ekinaz 21na berdintzea lortu zuten. Zur eta lur, horrela zeuden Labriteko zaleak. Azken tantoan Peñak huts egin zuen pilota txapara bidaliz. Horrela bukatu zen partida: Peña eta Albisu jota, Elezkano eta Zabaleta gertatutakoa sinetsi ezinda.
Sailkapena
Gaur, astelehena, Tolosako Beotibarren jokatuko den jaialdiak Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldia despedituko du. Jakak eta Mariezkurrenak Irribarria eta Rezusta izango dituzte aurkari. Emaitza horren faltan, Elezkano II.a eta Zabaleta dira liderrak (4 puntu), Irribarria-Rezustak, Laso-Imazek eta Urrutikoetxea-Arangurenek hiruna puntu dituzte, Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Altuna III.a-Martijak bina puntu eta Peña II.a-Albisuk eta Ezkurdia-Tolosak puntu bana.
Promozioan, Bakaikoa eta Elizegi ikusgarri
Promozioko Bigarren Mailan Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik ikusgarri jarraitzen dute eta bosgarren garaipena lortu zuten jarraian, larunbatean, Iruñean, Zabalari eta O. Etxebarriari 22 eta 16 irabazi eta gero. Sailkapenean bigarrenak dira, Salaberria eta Erostarbe liderrekin puntutara berdinduta. Txapelketako seigarren jardunaldian, Egiguren V.a eta Untoria izango dituzte aurkari.