Aurten odol emateak behera egin dute. Aldi berean, urtearen bigarren seihilekoan hemoeratorrien eta odol osagaien kontsumoaren gorakada izan da. Horregatik, erreserbak behera egin dute. Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko larrialdi zerbitzuaren parean dagoen Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak, salbuespenez, bere instalazioak goizez eta arratsaldez zabaldu ditu, etengabeko moduan, 08:00etatik 20:00etara. Jose Antonio Garcia Erce zuzendariak duela gutxi deituak izan diren pertsona emaile guztiei zita eskatzera eta odola emateko gonbidapena egin die.
Egoera delikatuenean dauden odol osagaien eta hemoeratorrien erreserbak dira, bereziki, AB +, AB, 0 + eta B - taldetakoak. Era berean, aferesia prozesuaren bidez odola ematen dutenei deialdia egin diete. Bereziki AB eta B taldeetako plasma emaileei.
Iruñera joan ezin dutenek Sakanan odola emateko aukera izanen dute. Herriz herri ibiltzen den odola biltzeko autobusa bihar Olatzagutian izanen da, 17:00etatik 20:30era. Heldu den astean lau egun egonen da Altsasun: asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:30era eta ostiralean 09:30etik 13:00etara. Odol-emaile egin nahi dutenek hara hurbiltzea besterik ez dute. Osasun galdetegia pasa eta, egokia izanez gero, odol lagina aterako diote hura aztertu eta azken oniritzia emateko.
Osasun egoera onean dauden eta emate batetik bestera derrigorrezko epea beteta duten odolemaileak artatze aldera, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua zabalik dago bere ohiko ordutegietan. Aurretiko zita eskatu daiteke bai Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkarteko webgunean eta bai honako 848 422 500 telefono zenbakian, eta aferesiaren kasuan 848 422 560ra hots eginez.