Olaztiko Kultur Etxeak Sakanako Mankomunitateak antolatutako 2019, 2020 eta 2021eko Sakanako Kirolari Hoberenak sariketaren sari ematea hartu zuen ostiral iluntzean. Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikariak gidatutako ekitaldian saritutako kirolari guztiak egon ziren –Aimar Tadeo Arkauz txirrindularia, Nahia Imaz Perez txirrindularia, Irati Igoa Sesma palista eta futbolaria, Josema Urrestarazu Zabalo eskalatzailea, Bargagain Taekwondo klubeko ordezkariak, Triku Trail mendi lasterketa taldeko ordezkariak eta Imanol Arregi Sarasa Osasuna Magna Xotako entrenatzailea–, Igor Arrieta Lizarraga txirrindularia, Ioseba Fernandez Fernandez irristalaria eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta korrikalaria izan ezik. Guztiak eskertuta eta pozik zeuden aitortzarekin, eta hala adierazi zuten ekitaldi bukaeran Sakanako Mankomunitateak antolatutako auzatean.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Batzordeko presidente Arturo Carreño Mundiñanok, Olaztiko alkate Joseba Bizuetek eta Olaztiko Kirol zinegotzi Naroa Gurmindo Vicentek banatu zituzten sariak.