Hurbil dugun aroan topiko bihurtu ohi da elkarri "bakea opa izatea". Aldi berean, aro egokia da nor bere barnera biltzeko eta gogoeta edo balantzea egiteko… egun aproposak dira, halaber, etorkizunerako proiektu eta erronkez pentsatzeko, borondateak sendotzeko, konpromisoak berritzeko. Beharbada, Bakea esaten diogun horrek badu horretatik guztitik zerbait. Bakea desira bat da, behar dugun eta falta dugun zerbait. Bakerako, nahitaezko da borondate asko bat etortzea; izan ere, atsotitzak kontrakoa badio ere, zaila da ez haserretzea baten bat haserretzen tematurik dagoenean. Horretan datza bakearen ahulezia. Horregatik, Bakean aurrera egin eta, ondoren, sendotzekotan, beharrezkoak dira alde askotako konpromiso irmoak. Hala eta guztiz ere, eta zorionez, bakea ez da zoriaren edo menturaren menpe dagoen nahi bat. Bakea "egin" egiten da. Denon artean egin ahal izatea, horixe da gure "zoria".
Balantzea egiten hasita, orain eta hemen, balioa aitortu behar diegu azken hilabeteetan bakea eraikitzeko bidean egin diren urratsei. Aurrerapen nagusia izan da –beste mugimendu batzuk sortzeko "aurrerapen eragilea" den aldetik– zeharkako adostasunak zabaldu eta sendotu izana konponbiderako agenda integral baten inguruan. Orain, adostasun horiek hedatu dira inplikatutako eragile gehiengo zabal batera (organismo sozialak, sindikalak, politikoak; ETAren biktimak nahiz Estatuak sortutako indarkerien biktimak), lurralde guztietan daude eta eremu instituzional guztiak ukitzen dituzte (Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Espainiako Estatua eta nazioartea). Adostasun horiek ordezkatzen dituztenen baturatik harantzago doan balio erantsia dute: modus operandi bat sortzen joan dira, zeinak, eraginkorra dela frogatzen duen heinean, konfiantza eta pedagogia handiz janzten baitu prozesua. Berebiziko garrantzia du, adibidez, konpondu gabe dauden gaiak behin betiko konponbiderako bide-orrian zehatz-mehatz identifikatu izanak (biktima guztien eskubidea, egiarako, justiziarako eta erreparaziorako; salbuespeneko espetxe politikaren desaktibazioa eta memoria kritiko inklusibo baten eraikuntza). Horrekin batera, ezin garrantzitsuagoa da den-denok ikasi izana ezin dela inoren zain egon, aurrerapausoak mugimenduaren beraren eskutik datozela, lan-ildo guztiek elkar elikatzen dutela, eta inplikatutako eragileetako bakoitzak ematen dituen pausoak errazten dituela besteek eman beharrekoak, finean, batera egiten dela aurrera.
Espetxe politikari dagokionez, urruntzean eta salbuespenean oinarritutako politika baten "harritzarra mugiaraztea" lortu izanak dakarren aurrerapausoa ere ez da txikia. Berriz diogu ez dela zerutik eroritako aurrerapen bat; gizartearen bultzadaren eta pazientzia handiz jositako adostasunen emaitza da. Betetzeko dagoen bide-orria ere zehatz-mehatz definituta dago: presoak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetara ekartzeko prozesua burutzea; erkidego horiek eskumenak beren gain hartzea eta baliatzea; eta preso guztiak arrazoizko epe batean birgizarteratzeko ibilbideak jasoko dituen plan baten aplikaziorako gaur egun dirauten oztopoak gainditzea; besteak beste, heldu beharko zaie Estatu Frantsesean betetako zigorren metaketaren gaia konpontzeari eta 7/2003 Lege guztiz zaharkitu eta anakronikoaren ondorioz zigortutako pertsonentzako neurri espezifikoen gaiari.
Mugimenduak mugimenduarekin sortu eta bizkortzen direnez, hurrengo asteetan aukera izanen dugu horretarako, kalera ateratzeko eta bertan aske uzteko energia eragile hori, gure nahia, bakea, errealitate bihurtzeko funtsezkoa zaiguna. Urtarrilaren 8an Bilboko kaleetan ikusiko dugu elkar.