Sakanan hasiko du bere ibilbidea Nafarroako Birziklatze Zentro Birtualak

Guaixe 2021ko abe. 22a, 09:56

Nafarroako Birziklatze Zentro Birtuala herriz herri ibiliko da. SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Birziklapenari buruzko ditugun ezagutzak probatzen dituen errealitate birtualeko jokoa da. Nafarroa hondakinen gaikako bilketaren aitzindari izaten jarraitzeko helburua lortzen lagunduko duten pertsonen bila dabilena. Gaur hasi du Sakanako ibilbidea.

Adin guztietara egokitzen den errealitate birtualeko jolasa da Sakanara ekarri dutena. Partaideek errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi eta haien bidez birziklapen planta batean sartuko dira. Behin jokalaria barruan dela, garraio zintatik pasatuz doazen hondakin kantitate handiena edukiontzietan banatu beharko dituzte. Beti ere, ahalik eta azkarren eta hondakin mota bakoitza bere edukiontzi egokian sartuz. Asmatutakoaren araberako puntuazioa lortuko da, eta sailkapena sortuko da. Ongi birziklatzeak saria izanen du, tartean patinete elektrikoa. Gainera, partehartzaile bakoitzak asmatutakoen eta akatsen informazioa jasoko du hondakinen bereizketan hobetzeko. 

Egutegia 

  • Abenduak 22 eta 23, asteazkena eta osteguna 
    16:30etatik 20:00etara Altsasuko Iortia Kultur gunean. 

  • Abenduak 27, astelehena 
    16:30etatik 20:30era Etxarri Aranazko liburutegian. 

  • Abenduak 28 eta 29, asteartea eta asteazkena
    16:30etatik 20:00etara Irurtzungo liburutegian.