Sakanako kirolari hoberenak, eskertuta

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 27a, 13:00

Sakanako Mankomunitateak Olaztiko Kultur Etxean prestatutako ekitaldian saritu guztiak izan ziren, Igor Arrieta, Haizea Ramirez de Alda eta Ioseba Fernandez izan ezik

Olaztiko Kultur Etxeak 2019, 2020 eta 2021eko Sakanako Kirolari Hoberenak sariketaren sari ematea hartu zuen abenduaren 17an, Sakanako Mankomunitateak antolaturik. Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikariak gidatutako ekitaldian, saritutako kirolariak banan-bana igo ziren oholtzara, eta saria lortzeko epaimahaiak kontuan hartutako merituak entzuten zituzten bitartean, oroigarria eta aitortza jaso zuten. Sariak Mankomunitateko Kirol Batzordeko presidente Arturo Carreño Mundiñanok, Olaztiko alkate Joseba Vizuete Askargortak eta Olaztiko Kirol zinegotzi Naroa Gurmindo Vicentek eman zituzten. 

Ekitaldian saritutako kirolari guztiak egon ziren hiru izan ezik: Igor Arrieta Lizarraga txirrindularia, Ioseba Fernandez Fernandez irristalaria eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta korrikalaria. Igor Arrieta Kern Pharma bere taldearekin kontzentratuta zegoenez, bere anaia Mikelek jaso zuen saria. Ioseba Fernandez eta Haizea Ramirez de Alda ezin izan ziren ekitaldira gerturatu, azken hau konfinatuta zegoelako. Gainontzeko kirolari onenak –Aimar Tadeo Arkauz txirrindularia, Nahia Imaz Perez txirrindularia, Irati Igoa Sesma palista eta futbolaria eta Josema Urrestarazu Zabalo eskalatzailea– ekitaldian izan ziren. Baita ere talde onenaren saria jaso zuten Bargagain Taekwondo klubeko ordezkariak eta euskara sustatzeagatik saritua izan zen Triku Trail mendi lasterketa taldeko ordezkariak eta aipamen berezia jaso zuen Imanol Arregi Sarasa Osasuna Magna Xotako entrenatzailea.

Saritutakoak, "oso pozik"
Guztiak eskertuta eta pozik zeuden aitortzarekin, eta hala adierazi zuten ekitaldi bukaeran Sakanako Mankomunitateak antolatutako auzatean. “Bai, oso pozik hartu dugu saria” zioten Aimar Tadeo eta Nahia Imaz txirrindulariek. 2022 denboraldia prestatzen buru belarri dabiltza biak. Irati Igoak pozez jaso zuen saria baina berehala joan behar izan zuen asteburu ederra zuelako aurretik: Nafarroako Frontenis Txapelketako finala, Sakanako Nesken Palako finalerdia eta Mulier futbol taldearekin partida. Izkina batean, Triku Trail taldeko ordezkariek eta Josema Urrestarazuk mendia eta eskalada zituzten hizpide. Bestalde, batarekin eta bestearekin gustura hitz egiten aritu zen Imanol Arregi. “Halako aitortzak eskertzen dira, eta bertakoek eginak badira, ilusioa handiagoa da” zioen Lehen Mailako Areto Futboleko entrenatzaile onenaren saria sarritan jaso zuen eta etxean hamaika sari eta aitortza dituen entrenatzaile irurtzundarrak.


SAKANAKO KIROLARIRIK HOBERENAK
Aimar Tadeo Arkauz (18 urtez azpiko gizona)

Sakana Group-Aralar Txirrindularitza klubeko txirrindulari lakuntzarrak 17 urte ditu. Errepideko lineako probetan lehiatzeaz gain, ziklo-krosean aritzen da. Kadeteen mailan hasi zen nabarmentzen, baina aurten mustutako junior kategorian iritsi dira bere lorpen nabarmenenak. 
Denboraldi hasiera nahiko kaxkarra izan zuen,  lepauztaia apurtu zuelako eta alergia arazoak izan zituelako, baina Tadeok egoerari buelta eman zion eta denboraldi bukaeran hiru lasterketa irabazi zituen: Dicastilloko Saria erlojupekoa, Tafallako Urvaca Trofeoa eta II. Atarrabia Trofeoa. Horretaz gain, hirugarren sailkatu zen Indurain Saria lasterketa ezagunean. 

Nahia Imaz Perez (18 urtez azpiko emakumea)
Nafarroa Ermitagaña taldeko txirrindulari altsasuarrarendako azken bi denboraldiak bikainak izan dira. 2020an, kadete mailan,  Nafarroako txapelduna izan zen hirutan: errepidean, erlojupekoan eta ziklo-krosean, eta Euskal Herriko Txapelketa eta Trofeoa irabazi zuen. 2021ean junior maila mustu du eta denboraldi ikusgarria egin du. Altsasuko 33. Burunda Txirrindulari Elkartea Trofeoa eta Iruñeko Itzuliko lehen etapa irabazi zituen, Nafarroako Erlojupeko txapelduna da, eta Espainiako Erlojupeko Txapelketan hirugarren. Bestalde, Espainiako junior mailako selekzioarekin Nazioen Kopako Tour du Gèvaudan Occitanie lasterketan aritu zen, eta irailean, Munduko Txirrindularitza Txapelketan parte hartu zuen, Flandesen. 

Igor Arrieta Lizarraga (
18-35 urte arteko gizona)
Aurten Lizarte taldearekin afizionatuen mailan debutatu du 19 urteko txirrindulari uharte arakildarrak eta primerako denboraldia egin du. Afizionatuen lehen lasterketa Iturmendin irabazi zuen, Nafarroako Errepide Txapelketa. Ondoren Loinaz Proba eta afizionatuen lehen itzulia, Volta Castelló, irabazi zituen. Espainiako 23 urtez azpiko erlojupekoko txapelduna da, eta irailean Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan lehiatu zen, Trenton. Aurretik, Kern Pharma talde profesionalarekin stagiaire gisa aritu zen Giro della Regione Friuli, Venezia e Giulian, eta Pablo Urtasunek gidatzen duen taldea onena izan zen. 2022an Arrieta Kern Pharman profesional izango da. 

Irati Igoa Sesma 
(18-35 urte arteko emakumea)
Kirolari todoterrenoa da 20 urteko etxarriarra. Batetik, Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko palista da, eta baita Nafarroako selekzioko palista ere. 2019an Nafarroako Kluben Arteko Pala Txapelketa irabazi zuen Maite Ruiz de Larramendirekin, Euskal Herriko txapelduna izan zen Amaia Espinalekin eta 2019ko Sakanako Nesken Pala Txapelketa irabazi zuen Uxue Murillorekin. Aurten, 2021eko Espainiako Federazioen Arteko Buruz Buruko Paleta Goma Txapelketako txapeldunordea izan zen Valentzian, eta berriki Nafarroako Lehen Mailako Binakako Pala Txapelketako txapeldunordea izan da Uxue Murillorekin. Bestalde, Nafarroako Lehen Maila Autonomikoko Mulier futbol taldeko jokalaria da, taldeko zutabeetako bat. 

Josema Urrestarazu Zabalo (35 urte baino gehiagoko gizona)
Eskalatzailea, mendizalea, eskiatzailea, korrikalaria, txirrindularia… kirolari petoa da 52 urteko altsasuarra. 
2020an Basapiztien eremua 9A mailako bidea kateatu zuen Etxaurin, 51 urte zituela, eskalatzaileen munduan eta giroan harridura eta miresmena sortu zuena. Bestalde, 2020an Ipar Eskian Espainiako hirugarren beterano onena izan zen. Guaixeri azaldu zionez, bere buruari erronkak jartzea gustuko  du, eta erronka horiek betetzen saiatzen da. Esaterako, 2019an 8B+ mailatik gorako 14 bide egin zituen, bi 8C+ tartean. "Kirola nire lana eta nire bizitza da" dio Urrestarazuk, zaletasuna izateaz gain, Gorputz Hezkuntzako irakaslea baita. 

Haizea Ramirez de Alda Pozueta (35 urte baino gehiagoko emakumea)
Haizea Ramirez de Alda Pozueta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko korrikalari altsasuarra da. Mendi lasterketetan aritzen da batez ere, baina errepideko lasterketei muzin egin gabe. Sakanako Emakumeen Atletismo Taldean trebatzen da taldea sortu zenetik, eta Sakanan antolatzen diren lasterketa gehienetan, bai mendi lasterketetan eta baita kros eta errepideko lasterketetan, ohiko partaideetako bat izaten da. 
2021ean Dantzalekun jokatutako 34. Altsasuko Kroseko proba herrikoia irabazi zuen eta Bargagaingo Igoeran eta Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrian lehen sakandarra izan zen. 2019an laugarren emakumea izan zen Camille Xtremen. 

Bargagain Taekwondo Kluba (Sakanako kirol talderik onena)
Nafarroako taekwondo talde onenetakoa da Gerardo Monterok gidatzen duen Bargagain Taekwondo Kluba. 2021ean Bargagaingo emakumeen junior eta kadete taldeak Nafarroako txapeldunak izan ziren, taldeka, eta Irati Irigoien eta Erkuden Moreno Nafarroako txapeldunak, euren mailatan. Espainiako Taekwondo Txapelketan Leire Etxanizek zilarrezko domina lortu zuen, Irati Irigoienek brontzezkoa eta zubian jokatutako Kluben Arteko Espainiako Txapelketan Erkuden Morenok brontzea lortu zuen, Zoe Martinek zilarra eta Irea Etxanizek haurren mailako urrea. 

Triku Trail taldea (Euskara gehien bulkatu duen kirol taldea)
Etxarri Aranazko Triku Trail taldeak Triku Trail mendi lasterketa antolatzen du  2014 urtetik. 21 km eta 1.400 desnibel positiboa duen lasterketak hasieratik sekulako harrera izan zuen –berehala agortzen dira izena emateko tokiak–, eta taldeak euskarari ematen dion garrantzia agerikoa da. Taldeko kideak euskaldunak dira, erabiltzen dituzten euskarri guztietan –sare sozialak, kartelak, megafonia eta beste– euskarak lehentasuna du, eta proba euskalduna dela ez dago zalantzarik. Sakanako Trail Estazioa aurkezteko antolatutako apustuan ere, euskara izan zen nagusi. 

Imanol Arregi Sarasa (Aipamen berezia)
Osasuna Magna Xotako entrenatzaile irurtzundarra Espainiako Lehen Mailako entrenatzailerik onenetakoa dela ez du inork zalantzan jartzen.  Hainbat sari jaso izan ditu entrenatzaile onena izateagatik: Nafarroako Federazioak emandako bi sari, Nafarroako Gobernuak emandakoa, entrenatzaile onenaren bi Ramon Cobo sari, Entrenatzaileen Elkarteko bi sari eta Liga Nazionaleko Sari bat. Imanol Xotako atezaina izan zen 2000/2001 denboraldira arte eta 2001/2002 denboralditik Lehen Mailako Xotako entrenatzailea da. Talde ahaltsuenek fitxatu nahi izan dute, baina Imanolek etxean jarraitu nahi izan du beti. Baliabide gutxirekin talde bikainak sortzea da bere ahalmenetako bat. 

Ioseba Fernandez Fernandez (Aipamen berezia)
Azaroan Kolonbiako Munduko Txapelketan bosgarren aldiz munduko txapeldun izan eta gero, 32 urterekin eliteko irristaketa utziko zuela iragarri zuen irristalari iturmendiarrak. Palmares izugarria du: Munduko Txapelketetan urrezko bost domina, zilarrezko sei eta brontzezko sei; Europako Txapelketetan hamazazpi titulu; eta Espainiako Txapelketan 32 aldiz txapeldun izan da.  Horretaz gain, munduko errekorrak ezarri ditu: 2012an 200 metrotan 15.879 segundokoa; 2012an 300 metroko erlojupekoan 23.938koa; 2018an 100 metrotan 9.684 segundokoa, urte berean 9.604ra jaitsi zuena eta 2019an, Marbellan, 9.55an egin zuena. 2012 urtetik ez da Munduko podiumetik jaitsi, azaroan bere ibilbideari agur esan arte, eta makina bat aitortza jaso ditu.