Xakea

Mikel Otxoa eta Saioa Torres xakelari finenak Iturmendin

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 29a, 13:00

Sakanako Xake Txapelketa hogei minutuko zortzi partidatara jokatu zen.

Sakanako Xake Txapelketan 32 xakelari lehiatu ziren eta Orvina taldeko Mikel Otxoa Aldaz gailendu zitzaion Sakanako Ekain Galarza Arzari lehia estuan. Bederatzi xakelari sakandar lehiatu ziren, eta xakera hurbiltzeko deia egin zieten sakandarrei, taldekako txapelketetan talde gisa lehiatu ahal izateko

Larunbatean itxura oso polita zuen Iturmendiko udaletxeko bigarren solairuko areto nagusiak. Ixiltasuna zen nagusi, Sakanako XXI. Xake Txapelketan izena eman zuten 32 xakelariek kontzentrazioa behar baitzuten. Goizeko 10:00etan hasi zen Sakanako Mankomunitateak Sakanako Zaldi Beltza Xake taldearen eta Nafarroako Xake Federazioaren laguntzarekin antolatutako txapelketa, eta bizi-bizi joan zen. Partidak zuzenean jarraitu ahal izan ziren estatu guztiko xake txapelketa eta partidak jasotzen dituen info64.org web gunean. Goizean lanean aritu eta gero, bazkaltzeko atsedenaldia hartu eta arratsaldean despeditu zen txapelketa. 

Sakanako Zaldi Beltza Xake taldeko Sebastian Insaustik eta Koldo Floresek azaldu zutenez, parte hartze polita izan zuen Sakanako XXI. Xake Txapelketak. 32 partaide ziren, gehienak gizonezko helduak, baina baita hiruzpalau emakume eta zenbait haur eta gaztetxo ere, arreta handiena bereganatu zutenak. Txapelketa, aldi berean, Nafarroako Txapelketa izan zen, 1.900 ELO puntutik beherakoa, eta hogei minutuko zortzi partidatara jokatu zen. 

Sariak
Zortzi jardunaldiak jokatu eta gero, Orvina taldeko Mikel Otxoa Aldaz izan zen txapelduna, Sakanako Ekain Galarza Arzaren aurretik. Berriozar taldeko Unai Ruiz Etxeberria izan zen hirugarrena. Cesar Razkin Igoa sakandarra laugarren sailkatu zen eta Sakanako Saria jaso zuen, xakelariek sari bakarra jaso ahal zutelako. Horrela, Ekain Galarzak bigarren saria jaso zuen eta Cesar Razkinek Sakanako Saria. 

Emakumezkoetan Berriozar taldeko Saioa Torres Camacho izan zen txapelduna, sailkapen absolutuan hemezortzigarren, bere taldekide Maria Rodriguez Piñarren –absolutuan 24.– eta Yolanda Ruperez Trapoteren –sailkapenean 31.–aurretik. 14 urtez azpiko saria Oberena klubeko Raul Burriel Uretak jaso zuen, absolutuan hamargarren, eta bigarren saria Arrotxapea taldeko Ekaitz Mayordomo Lopezek, absolutuan hemeretzigarren. Helduen saria Oberena klubeko Isidro Diaz Redondorendako izan zen, absolutuan hamabosgarren, eta bigarren saria RIO taldeko Juan Fraile Rojorendako, absolutuan hamazazpigarren. Iturmendiko alkate Imanol Arbizu Perpiñak banatu zituen sariak. 

Zaldi Beltzak sakandarrak animatu ditu
Sakandarrei dagokienez, parte hartze oso polita izan zen, aspaldiko jendetsuena. Ekain Galarza eta Cesar Razkinez gain, Juan Andres Cerro zazpigarren sailkatu zen, Aimar Ieregi zortzigarren, Mikel Castellano bederatzigarren, Sebastian Insausti hamabigarren, Koldo Flores hamaseigarren, Luken Galarza hogeita batgarren eta Marcos Alvarez hogeita bederatzigarren. 

Sakanako Zaldi Beltza Xake Taldetik azaldu zutenez, Sakanan xakeak lorealdia bizi du. Denboraldi batez Nafarroako Txapelketan lehiatzeko talderik ez zuten atera ahal izan –gutxienez zortzi kide behar dira taldekakoan lehiatzeko–, eta nahiz eta orain xakelari gehiago egon, txapelketetan aritu ahal izateko jende gehiago behar dute. Interesatuek 634 447 108 telefonora hots egitera animatu dituzte.