Pilota

Irurtzungo harrobia indartsu dator: hiru txapela

Guaixe 2021ko abe. 27a, 10:30

Nafarroako Binakako Txapelketetako finalistak. NAFARROAKO PILOTA FEDERAZIOA

Nafarroako Kirol Jokoetako Nafarroako Binakako Pilota Txapelketan Irurtzun klubeko hiru bikote txapeldun utzi ditu –Iaben-Zabala, Salaberria-Salcedo eta Bustince-Lizarraga– eta bikote txapeldunordea, Igoa-Amiano

Abenduaren 19an Nafarroako Kirol Jokoetako Nafarroako Binakako Pilota Txapelketako kadete, jubenil eta senior mailako finalak jokatu ziren Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta Irurtzun klubeko bikoteak ikusgarri aritu ziren. Miguel Angel Berazak gidatzen duen klubak harrobi bikaina dakar bultzaka. 

Kadeteen Hirugarren mailako finalean Iabenek eta Zabalak (Irurtzun) 22 eta 3 hartu zituzten mendean Mendioroz eta Agreda (Ardoi). Kadeteen Bigarren mailako finalean Rekalderen eta Okiñenaren kontra (Oberena) galdu zuten Igoak eta Amianok (Irurtzun). Jubenilen Bigarren mailan, Salaberriak eta Salcedok (Irurtzun) 22 eta 19 hartu zituzten mendean Sarasibar eta Garcia (Oberena). Seniorren Hirugarren mailan Bustinzek eta Lizarragak (Irurtzun) jantzi zituzten txapelak, Lergari eta Maizari (Zugarralde) 22 eta 14 irabazi eta gero.