Atletismoa

Altsasun, Irurtzunen eta Uharten korrika despedituko dute urtea, aldaketekin

Guaixe 2021ko abe. 30a, 14:51
2019ko Altsasuko San Silvestreko irteera. ARTXIBOA

Altsasun XLII. San Silvestrea jokatuko da abenduaren 31n, azken orduko aldaketekin, (16:30etik aurrera, multzoka eta herritik kanpo prestatutako ibilbidean),  Irurtzunen V. Pikubestrea (16:30ean haurrak eta 17:00etan nagusiak) eta Uharte Arakilen San Silvestre Traila (16:00etan). Olaztin bertan behera geratu da San Silvestrea, pandemiagatik

Aurten bai, urtea korrika despeditzeko aukera izanen da Sakanan. Joan den urtean ezinezkoa izan zen, baina San Silvestre lasterketei eutsi diete Altsasun, Irurtzunen eta Uharte Arakilen eta zapatilak jantzi eta urtea korrikan despeditzera gonbidatu dituzte sakandarrak, pandemiak eskatutako segurtasun neurriak beteta. Probak hasi baino lehen eta probak bukatu bezain pronto maskara jantzi beharko dute korrikalariek eta azken orduko beste hainbat neurri hartu behar izan dituzte. Aldiz, Olaztin nahiago izan dute San Silvestrea atzeratzea, pandemiaren egoera kontuan hartuta. 

Altsasukoa, beteranoena, aldaketa askorekin
Altsasuko 42. San Silvestrea izango da aurten ospatuko dena. Altsasukoa Nafarroako proba zaharrena da. Aipatu proba, Mario Lopez de Uralde Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen korrikalari altsasuarraren omenez. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatuta, abenduaren 31n, ostiralarekin, 18:00etan eman behar zitzaion hasiera Altsasuko San Silvestreari, haurren eta gaztetxoenen lasterketarekin, baina pandemiaren egoera dela eta, txikienen lasterketa bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak, ibilbidea herritik aterako dutelako, kanpoaldera, jende metaketak ekiditeko. "Badakigu txikienak kaltetuenak direla, baina ibilbidea herritik atera behar izan dugu eta bideraezina da haurren ibilbidea herrigunetik ateratzea" azaldu dute Dantzaleku Sakanakoek.

Helduen proba 16:30era aurreratzea erabaki du antolakuntzak, eta ohiko herriko ibilbideari lau itzuli egin beharrean (5 km), Altsasu kanpoaldean ibilbidea prestatu du Dantzaleku Sakanak eta ibilbide horri itzuli bakarra egingo diete parte hartzaileek. Multzoka aterako dira, Foru Plazatik, 50 korrikalariz osatutako multzoetan, euren artean minutu bateko aldea izango dutela. Soilik lehendabiziko hiruren denborak hartuko ditu antolakuntzak, eta bukaeran sari ematea izango da. Dantzaleku Sakanak saski ederra zozketatuko du proba bukatutakoan. 

Izena ematea dohainik da, eta aurretik egin behar da, www.dantzalekusakana.com webgunean, abenduaren 31ko 15:30ak arte. Gehienez 300 korrikalari onartuko dira. 

Altsasuko azken San Silvestrea 2019an jokatutako 41. edizioa izan zen. Kategoria guztiak kontuan hartuta 600 korrikalarik baino gehiagok hartu zuen parte. Sergio Garcia de Eulate Maia altsasuarra (16:00) eta Izaskun Beunza Azazeta olaztiarra (18:11) izan ziren garaileak. Biek, Garcia de Eulatek eta Beunzak, euren seigarren San Silvestrea irabazi zuten. 

Irurtzunen, V. Pikubestrea
Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak, Piku Gabonak egitarauaren barruan antolatuta, herri lasterketa antolatu du San Silvestre egunerako, V. Pikubestrea. Aurten Lizarra kaletik abiatuko dira lasterketak, Pikuxar elkarte paretik. 16:30ean haurrak hasiko dira –6 urte bitartekoek 150 metroko proba izanen dute eta 7 eta 13 urte artekoek 500 metrokoa– eta 17:00etan, aldiz, helduen proba (4,2 km). Haurrek dohainik dute parte hartzea, baina helduen proban ariko direnek 2 euro ordaindu beharko dituzte.

San Silvestre Traila Uharte Arakilen

Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak basoan eta mendian korrika egiten despeditu nahi du urtea. San Silvestre Traila antolatu dute, Itxesi parkea abiapuntu hartuta jokatuko dena, abenduaren 31n, 16:00etatik aurrera. Izena ematea egunean bertan egin beharko da, Uharte Arakilgo igerilekuetako tabernan, 15:30etik aurrera. 

Bigarrenez Urbasako San Silvestre Txirrindularitza Martxarik gabe
Altsasu Kirol Elkarteak bertan behera utzi du abenduaren 31ko 12:00etarako antolatua zuen XXXVIII. Urbasako San Silvestre Txirrindularitza Igoera. Pandemiaren egoera nola dagoen ikusita hartu du erabakia Altsasu Kirol Elkarteak. Azkeneko edizioan, 2019koan 280 txirrindularik hartu zuten parte.