Ilbeltzaren 8an jokatuko da Irurtzun-Arakilgo VII. Frontenis Txapelketa. Txapelketa honen atzean Asier Galarza Iriarte frontenis jokalaria eta palista dago. Duela 8 urte hasi zen txapelketa antolatzen –joan zen urtean ezin izan zen jokatu, pandemiagatik– eta oso pozik dago, "urteak aurrera joan ahala gero eta partaidetza handiagoa duen txapelketa" delako.
Hasierak
Asier Galarza Irurtzun klubeko pilotaria zen. Arbizuko Aldabiden ere trebatu izan zen, eta eskuak huts egin ziotenera arte esku pilotan ibili zen, 19 urte bete arte. Garai haietan bere kuadrillakoekin Irurtzungo Mutilen Goxua Esku Pilotako Txapelketa eta Nesken Frontenis Txapelketa antolatzen zituen. "Txapelketak hiruzpalau hilabete irauten zuen eta hamar lagunen artean antolatzen genuen, aurretik antolatzen zuen kuadrilla bati lekukoa hartu eta gero. Lauzpabost urte egon ginen antolatzen, baina batzuek ezin zutela, azkenean utzi egin genuen" gogoan du Galarzak. Esku pilota utzi zuenean, frontenisean hasi zen. "Orduan ikusi nuen egun bateko frontenis txapelketak antolatzen zirela eta Irurtzunen halako frontenis txapelketa bat antolatuko nuela erabaki nuen. Harrera ona izan zuen, eta gaur arte" azaldu du.
Irurtzun-Arakilgo VII. Frontenis Txapelketa estatu mailako txapelketarik jendetsuena izango da, 64 bikote ariko direlako. "Aurreko edizioan ere gureak frontenis jokalari gehien bildu zituen, 48 bikote, baina beranduago Aragoin kopuru bereko beste bat egin zen. Aurten, 64 bikote izango ditugu. Tokiak beteta daude, baina erreserbarako izenak hartzen ari gara, gaixotasun, lesioren bat edo azken ordukoren bat egonez gero toki horiek betetzeko" nabarmendu du Asier Galarzak.
Lehendabiziko edizioetan inguruko jendeak ematen zuen izena. "Tolosaldeko bikote bat zen urrutikoena zena. Baina ni txapelketa askotan parte hartzen hasi nintzen eta jokalari asko ezagutu nituen. Horrela, geroz eta jokalari gehiago hasi ziren Irurtzungo txapelketara etortzen, sariak handitu ahal izan nituen eta horrek ere jende gehiago erakarri zuen" dio Galarzak.
Frontenisarekiko ezjakintasuna
Ilbeltzaren 8an bertako frontenis jokalariez gain, Valentzia, Bartzelona, Leon, Madril, Burgos, Segovia, Kanariar Irlak eta Andorratik etorritako jokalariak bilduko dira Irurtzunen eta Galarzak nabarmendu duenez, estatuko onenak. "Uste dugu frontenisera Euskal Herrian eta gehienez ere Errioxan edo hurbiletako probintzietan jokatzen dela, eta hori ez da horrela. Nik txapelketa gehienak hemendik kanpo jokatzen ditut. Valentzian, esaterako, ikaragarri jokatzen da frontenisera. Baita Madrilen, Valladoliden, Leonen… frontoi pila dituzte. Kanpora ateratzen hasi nintzenean zur eta lur geratu nintzen hemendik kanpo dagoen maila ikusita. Ikaragarri jokatzen dute" nabarmendu du.
Bestalde, Euskal Herrian frontenisa beti bigarren mailakoa izan da esku pilotaren eta gainontzeko erremintekin alderatuta. "Eta hala jarraitzen du izaten. Badirudi soilik lagunartean jokatzen dela. Baina geroz eta txapelketa gehiago daude, eta Nafarroako Pilota Federazioan federatzera eta federazioko frontenis txapelketetan edo bestelako txapelketetan aritzera animatzen dut jendea, baita emakumeak ere. Gutxika, geroz eta gehiago dira" dio.
Asier Galarza Iriarte: “Frontenisa hemen bakarrik jokatzen dela uste dugu, baina kanpoan ikaragarri jokatzen dute”
Euskal Herritik kanpoko frontoi gehienak estali gabekoak omen dira. Eguraldi hobea baitute. Hemengoak baino motzagoak dira, 30 metro eta 8 koadro ingurukoak. Euskal Herrian txapa 90 zentimetro eta metro bateko altueran dago, kanpokoetan 60 zentimetrokoa da. "Horrek jokoa ikusgarriago egiten du, askoz gehiago arriskatzen duzulako" dio frontenisak guztiz harrapatua duen Galarzak. "Aurten Estatuan 21 frontenis txapelketa jokatu dira eta uste dut soilik lau asteburu libratu ditudala, gainontzeko guztietan aritu bainaiz, 16 txapelketetan, palakoak eta beste kontuan hartu gabe" aitortu du.
Urterik onena
2021a bere urterik hoberena izan dela nabarmendu du. Estatuko 16 txapelketetatik bost irabazi ditu –Mallabian binakakoa eta buruz burukoa, Sierra de Arevalon (Soria), Faraduesen (Aragoi) eta Sastagon (Aragoi)–, bost aldiz txapeldunorde izan da eta hirutan hirugarren. Nafarroako Federazioko txapelketetan 2020an Nafarroako Binakako Frontenis Txapelketa irabazi zuen eta aurten txapeldunordea izan da, Juanjo Dominguezekin. Beste hiru podium ditu Nafarroatik kanpo. Bestalde, larunbatean Nafarroako Gizonezkoen Buruz Buruko Paleta Gomako Hirugarren Mailako txapelketa irabazi zuen Galarzak, Garciari 23 eta 25 irabazita. "Oso pozik nago. Ea Irurtzungo txapelketan denboraldia borobiltzen dudan" dio.
Asier Galarzak hasieran Ramontxo Casteigekin jokatzen zuen frontenisean, baina gero beste hainbat bikoterekin aritu izan da. Sarritan jokatu du Burgosko Johnnyrekin, aurten Jesus Dominguezekin aritu izan da, baita beste batzuekin ere.
Asier Galarza Iriarte: “Nire urterik onena izan da hau: hamasei txapelketetatik bost garaipen, bost bigarren postu eta hiru hirugarren postu lortu ditut, gainontzeko txapelketak kontuan hartu gabe”
Irurtzungo txapelketa
Irurtzun-Arakilgo VII. Frontenis Txapelketa, estatuko jendetsuena izateaz gain, garrantzitsuena ez bada garrantzitsuenetakoa izango da, "maila oso handia" baitu. Bertan arituko dira maila gorenean dauden Madrilgo bizpahiru bikote, Espainiako txapeldunak edo txapeldunordeak izaten direnak, Dani eta Miguel artean, aurten mundiala irabazi duten Victor eta Joan valentziarrak, Jose Angel Claveria pitillasdarra eta Adrian Ruiz bilbotarra, Irurtzungo azken edizioko txapeldunak, eta goi mailako bestelako bikoteak. "Ezin da gehiago eskatu" dio Galarzak. Irurtzundarrak estatu mailan gorenean dagoen Madrilgo Alvarorekin osatuko du bikoa. "Irurtzungo azken edizioan hirugarren sailkatu ginen; ea aurten berdintzerik edo hobetzerik dugun" dio. Kanarietako Christian eta Zaragozako Ivan ere oso onak omen dira, baita Andorrako Ruben eta Manolo ere, duela hiru urte Irurtzungo txapelketa irabazi zutenak.
Azken ukituak
Jokalari hauek guztiak bezperatik etortzen dira Irurtzunera, eta bertako hotelek, jatetxeek eta tabernek mugimendua nabaritzen dute. "Herriarendako onuragarria da, giroa egoten delako". Txapelketa egunean Machainen bazkaltzera biltzen dira guztiak. "Oso giro ona dugu. Kanpotarrak oso gustura etortzen dira, gu euren txapelketetara goazenean bezala. Asteburu pasa, txapelketako partidak jokatu, pote batzuk hartu… lagun arteko primerako giroa dugu" dio Galarzak. Guztia prestatzen lan handia izaten du: babesleak eta sariak lotu, partida guztiak eta txapelketa bera prestatu, frontoiak lortu… Soilik azken xehetasunak lotzea falta zaio. "Joan zen urtera arte txapelketako partidak Irurtzunen, Etxarrenen eta Aldatzen jokatzen ziren, baina aurten, hiru frontoi horietaz gain, goizeko sailkatze partidak Etxarri Aranatzen, Arbizun, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Latasan eta Lekunberrin jokatuko dira ere. Bederatzi frontoi dira guztira" azaldu du.
Izena eman duten jokalari guztiek kamiseta jasoko dute opari, eta Lacturaleren produktu lotea. Gutxienez hiru partida jokatu behar ditu biko bakoitzak goizeko txandan, eta gero onenek egingo dute aurrera. Txapelketa jokatzen den bitartean elikadura hornidura izango dute, eta jokoan dauden sariak potoloak dira: txapeldunendako 800 euro eta txapelak, bigarrenendako 400 euro eta hirugarrenendako 100 euro. Txapelketako partidak 20 minutura edo 20 tantotara jokatuko dira eta tanto bikoitza dago; hau da, lehendabiziko botean pilota ez bada ukitzen, aurkariak bi puntu lortuko ditu. Arau honek partida ikusgarriago egiten du, jokalariek pilota guztietara heltzeko esfortzua egin behar dutelako.
Asier Galarza Iriarte: “64 bikote, 9 frontoi, frontenis jokalari onenak… Sakandarrak Irurtzun-Arakil Frontenis Txapelketa jarraitzera animatzen ditut”
Ikuskizuna jarraitzeko gonbita
Irurtzundik 8-10 bikotek hartuko dute parte txapelketan. Baita Etxarri, Iturmendi eta Urdiaingo bikote bana ere. "Sakandar guztiei animatzen diet halako mailako txapelketa bat etxean bertan izanda, bai parte hartzera (699 453 490) edo ikusle moduan hurbiltzera gerturatu daitezela. Goizean aipatu herri guztietan partidak jokatuko dira, eta bazkaldu eta gero, Irurtzunen jokatuko dira final laurdenak, finalerdiak eta final handia, 18:00etatik aurrera. Ikuskizun polita izango da" egin du gonbita.