Nafarroako Turismo Kontseiluan aurkeztu zuen Maitena Ezkutari Artieda turismo zuzendari nagusiak lehen turismo helmugen jasangarritasun plana. Foru administrazioaren plan horren helburua da “ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen iraunkortasunean oinarritutako eredu baterantz eraldatzea, baita eraldaketa digitaleko eta turismo baliabideen, azpiegituren eta produktuen kudeaketan lehiakortasuna hobetzeko prozesuak bultzatzea ere, lurralde osoan enplegu eta jarduera aukerak sortzeko”. Planaren bidez, foru gobernuak “Nafarroa Europa mailako turismo jasangarriaren erreferente bihurtu” nahi du.
Plan hori 2022 eta 2024 urteen artean garatuko da eta Europako Next Generation berreskuratze funtsetatik heldu diren 21,97 milioi euroko diru poltsa du. Diru horren erdia Sakana barne hartzen duen Landako Nafarroa izeneko helmugen arteko Kohesio Ekintzen Planetara bideratuko da. Plan horiek Nafarroako Gobernuak kudeatzen ditu eta 10,9 milioiko balioa duten zazpi jarduera aurreikusi ditu: bizikleta azpiegitura sortzea eta natur guneak babestea, trantsizio berdearen ardatzaren barruan; energia eraginkortasuna bultzatzea sistema turistikoan; marketinean eta adimen turistikoan digitalizazioa sustatzeko bi jarduera, eta beste bi, turismo establezimenduen kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzeko.
Bestalde, Xacobeo helmugako Jasangarritasun Nazio Planean parte hartzen du Nafarroak Bost ibilbide mila bide izeneko ekintzaren bidez. Nafarroan Santiagora joateko bost ibilbide daude: Frantziar bidea, Luzaide eta Orreagatik barnakoa; Somportetik Zangozara jotzen duena; Baztango bidea; Ebroko bidea eta Sakanako bidea, Asturiasko bidea. Foru gobernuak haien arteko kohesio handiagoa sortu nahi du, eta ibilbide horietan erromesen, bisitarien eta egoiliarren esperientzia hobetzeko Gainera, Nafarroako bidea eta bere ibilbideak produktu garaikide bihurtu nahi ditu, natura, kultura, materia gabeko ondareak oinarri dituen askotariko proiektu turistiko bat eguneratuz. Eta, aldi berean, nazioarteko bihurtuz, gizarte, ingurumen eta ekonomian iraunkorra izanen dena.