Astekaria

Tortura lekukotzak jasotzen hasi dira

Guaixe 2021ko abe. 23a, 11:15

Torturatuen Sarea lekukotzen bilketa iragartzeko prentsaurrekoa egin zuen. WWW.EKINKLIK.ORG

Nafarroako Torturatuen Sarea aurreko ostegunean hasi zen bizipenak jasotzen. Haren helburua da tortura kasuen ahalik eta errolda zabalena eta zehatzena egitea. Tortura “sufrimendu isildua, estigmatizatua eta ahanzturara kondenatua” izan dela salatu du.

Torturatuen Sarea segurtasun indarrek eragindako tratu txarrak edo tortura bizi izan duten nafarrek osatu dute. Gaztigatu zutenez, “Nafarroan torturaren gaitza 80 herrik baino gehiagok bizi izan dute. Herri horietan gutxienez tortura kasu edo salaketa bat dago ikertu, aitortu eta erreparatu gabe”.  Hilaren 11n egin zuen aurkezpenean gaineratu zutenez, “1961 eta 2012 artean oinaze fisiko edota psikologikoko mila kasu inguru daude Nafarroan”. 

Sareko bozeramaileetako bat Patxi Arratibel Gartziandia etxarriarra izan zen. Torturaren “inpunitatea” salatu zuen, “torturaren errealitatea ukatuz edo kuarteletan eta polizia etxeetan gertatutakoaren ebidentzia argiak zirelarik, erakundeetako zenbait arduradunek, hainbat alderdi politikok eta komunikabide jakin batzuek beste alde batera begiratu” dutela esan zuen. “Isiltasun hori, askotan susmo bihurturik, hain erabilia izan den algo habrá hecho esaldian ezaugarritua, gu kriminalizatzeko eta horrela zigor bikoitza ezartzeko arrazoia ere izan da” gaineratu du. 

Sarearen helburua da, batetik, “aipatutako hamarkadetan Nafarroan torturaren praktika sistematikoaren onarpen ofiziala eta erreparazioa lortzea”. Horretarako, haien sarea zabaldu eginen dute. Beste helburu bat baita “Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten ehunka pertsonei ahotsa ematea, eta baita gure artean zaintzeko ere”. Bozgoragailu lana egin nahi dute. Eta lehen eginkizun gisa torturen eta tratu txarren kopuruari buruzko errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena eginen du sareak. Horregatik, “segurtasun indarren aldetik Nafarroan tratu txarrak eta torturak jasan dituzten pertsona guztiak, edo haien senideak, banatuko ditugun formularioak betetzera” animatu dituzte. Horiek banatzeko hainbat toki prestatu dituzte, Etxarri Aranatz eta Altsasu barne. Auzolan horretan laguntzeko Torturatuen Sareko bazkide eta laguntzaile egiteko deialdia egin dute ere. 

Formularioak banatzeko toki eta egunak  

  • Etxarri Aranatz, kultur etxean 
    Abenduak 23, 30 eta ilbeltzak 6, 13, 20, 27 (ostegunak), 19:30etik 21:00era. 

  • Altsasu, Kukuerreka elkartean 
    Abenduak 30 eta ilbeltzak 13, 27 (ostegunak), 19:30etik 21:00era.