Astekaria

"Oraindik bizirik dauden hizkeren azterketa da"

Guaixe 2022ko urt. 10a, 09:10
Jose Luis Erdozia Mauleon liburuaren aurkezpenean. EUSKARA ZERBITZUA

Jose Luis Erdozia Mauleoni liburua argitaratu dio Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. 200 ale argitaratu dira; ale batzuk ibarreko udal eta liburutegietan utzi ondoren, interesa duten herritarren artean banatuko dira gainontzekoak.

Etxarri Aranatzen hilaren 15ean aurkeztu zuen Jose Luis Erdozia Mauleonek bere azken liburua:  Sakanako euskal hizkerak (XXI. Mendearen ezkaratzean). Etxarriarrak bi garai hartu ditu bere ikerketarako: XX. mendearen hondarreko urteak eta XXI. mendeko lehen hamarkada. Sakanan bizirik zeuden hizkerak eta egun oraindik bizirik jarraitzen dutenak aztertu ditu Erdoziak. Bi garai horietan bizirik zeuden eta dauden ibarreko euskal hizkerak aztertu ditu liburuan etxarriarrak. 

Ikerlariak azaldu duenez, euskal hizkeren hiru egoera daude Sakanan. Batetik, “herri batzuetan hiztun trebeak daudelako osasuntsu zeuden eta daude oraindik hainbat udalerritan: Arruazun, Lakuntzan, Arbizun, Ergoienan, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Urdiainen”. Bestetik, “hizkera horietako hiztun trebe bakarren bat zegoelako orduan arnasa nolabait ere hartzen zuten hizkerak zeuden Irañetan, Uharte Arakilen, Iturmendin eta Altsasun”. Eta, azkenik, “gaztelaniak itota ordurako gainerako herrietan, bai Arakil ekialdean, bai Burunda mendebaldean”. 

Liburua ontzeko Erdozia aurreko zenbait ikerketatan jasotakotik abiatu da. Liburuak Sakanako euskal hizkeren zenbait dialektologia zertzelada eman ditu. Hau da, ibarreko hizkera horien norainoko berdintasun eta ezberdintasunak dituzten aztertu du, eta beste autore batzuek horien gainean esan, aipatu edota ondorioztatutakoekin alderatu da. Eta Sakanako hizkuntza ezaugarri komun eta bereizgarrien bildumak ere osatu dira.

Nolaz liburu hau? 
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko Izaskun Errazkin Beltzarek duela bi urte galdetu zidan zerbait egiteko planen bat ba ote nuen. Hainbat gauza neuzkala aipatu nion. Haien ikuspegitik hau bultzatzeko egokiena iruditu zitzaien. Oraindik bizirik dauden hizkeren azterketa da, beti ere, XX. mendearen hasieran. Liburuaren helburua da ikastetxeetan eta tokietan jakitea zer berezitasun dauzkan hemengo euskarak eta tokiak. 

Nola dago banatuta liburua? 
Sei atal dira. Lehendabizikoa, Sakana: izandakotik izenera jarri diot. Sakana bera zer den azaldu, eta historia pixka bat egin dut: zer izan den, noizko dokumentazioa dugun, bilakaera. Beti agertzen zaizkigu Arakil, Aranatz eta Burunda toki izenak. Sakana izena duela 35 urte gutxi gorabehera sortu zen: mankomunitatea sortu zenean izen bat eman behar zitzaion eta orduan gehien erabiltzen zena erdaraz zen: Barranca. Hura euskaratu eta Sakana hartu zen. Hitz hori toponimian, generiko moduan, asko erabiltzen da. Lehen atal horretan Sakanako euskarari buruz egon diren aipamenak sartu ditut. 

Bigarren atalean zer landu duzu? 
Sakanako hizkerak: hizkuntza eremuak eta azterketa dialektologikoa izenburua du. Arakilek, Aranatzek eta Burundak zein berezitasun dauzkan azaltzen da. Bakoitzaren bost ezaugarri aztertu ditut: bokalak eta kontsonanteak nola jokatzen duten, aditzak eta abar, joskerak eta lexikoa. Azken horretan desberdintasun dezente daude. Batez ere Burunda eta gainontzekoen artean. Horregatik, azala. Etxarri Aranatz eta Bakaiku arteko Oporoko presa zaharra da. Lexiko aldetik zer desberdintasun dauden islatzen du. Burundan, goian, dauden hitzak Arakilen eta Aranatzen, behean, beste modu batera ematen dira: musti-busti, galtzarbe-besape, aulubi-marrubi, odolki-tripota, korrika-lasterka… 

Dialektologiari heldu diozu hirugarren atalean. 
Interesgarriena edo muina gehien izan ditzakeen atala da dialektologia aztertzen dutenendako. Dialektologiaren ikuspegitik hemengo hizkerak aztertu dituztenen artean adostasuna dagoen edo ez azaltzen da. Horretarako azterketa egin dut. Lehenik, Sakanako hizkerak aztertzeko zer erraztasun ditugun azaldu dut. Hiztun oso trebeak dauzkagu, baina ez denean. Ekialde eta mendebaldeko muturretan galduta dago. Dialektologoak Sakanako euskarak aztertu dituztenean zertan oinarritu diren eta zer utzi diguten ere jaso dut. Esaterako, Louis Lucien Bonapartek bati eskatu zion doktrina zati bat Etxarriko euskaran jartzeko, baina Gipuzkoakoan jarri zion. Eta gauza bera gertatu zen Urdiainen, eta, berriz, Uharten egin zuenak oso ongi egin zuen. Azken horrek askoz hobe islatzen du Etxarriko hizkera Etxarriko itzulpenak baino. Horrek esan nahi du Uharteko eta Etxarriko euskara nahiko antzekoak zirela. Gero hiru eremuetako hizkerak alderatu ditut. 

Arakilgo hizkerarekin eztabaida gehiago dago. Oso lekuko gutxi izan ditugunez, gauza gehienak idatziak dira, transkripzioak-eta, zaila da benetan jakitea nola izan zitekeen. Baina dauzkagun datuekin, niretako, Aranazkoaren oso antzekoa da, %70ean edo. Beste batek Gulina eta Imotz ingurukoekin lotzen du. Horregatik Imozko euskararekin kontrastatu eta niri ere ateratzen zait gehiago hemengoa dela. 

Gauza kuriosoa da. Arakilgo euskararen lekuko bezala Murgindueta asko erabiltzen da. Dagoeneko ez da existitzen. Gainera jauntxo baten jabegoa izan zen. Hara familiak lanera eramaten zituen, baina beti ez ziren hemengoak. Gainera, han, asko jota hamar famili biziko ziren, oso aldakorrak. Horko hizkera erabiltzea hemengo oinarri bezala…

Eta ateratzen dudan ondorioa da, ia inork ez zalantzan jartzen duena: Burundako hizkera ez dela ez mendebaldekoa, ez erdialdekoa, ez nafarrera. Bere izaera du, oso toki txikian. Adibidez, Arabako Lautadakoa eta Ameskoakoa aspaldi galdu da. Zubi hizkera esaten zaion horietako bat da. Hau da, zubi lanak egiten dituena Bizkaiko, eta Arabakoa zena, Gipuzkoako eta Nafarroakoaren artean. Denetatik pixka bat du. Asko dauka, egia da, mendebaldekoa. 

Berriz, Arakil eta Aranatz, hainbeste ezaugarri komun ikusten dizkiet hizkera bat osatzen dutela. Dugun datuekin %100ean ez, baina %70ean bai. Ez dugu joan beharrik Txulapain, Gulina edo alde horretara. 

Sakanako herri-hizkeren etorkizunaz zer esan dezakezu? 
Laugarren atala da, batukiarena. Nik 65 urte dauzkat eta ikusten dut 40 urte dauzkatenak dagoeneko ez dutela hitz egiten nik hitz egiten dudan bezala. Hor gauza asko daude. Gaur egungo 40 urtetik beherako gazte gehienak D ereduan ikasi dute. Eta hortik gorakoak, berriz, erdaraz. Gazteak etxean ikasitakoa erabiltzen dute, baina beti batuko puntu bat jartzen diote. Hori ezinbestekoa da, seinale ona da. Badakigu batua geldi-geldi gailenduko dela, eta ezarian-ezarian bertako hizkerak joanen dira pixka bat itzaltzen. Baina, garaiz gaude, oraindik, erabat itzali baino lehen hizkerek batuari gauzak emateko. Bereziki lexikoan eta morfologian. Esaterako, gazte bati ez diozu entzungo: hori lagunendako da, lagunentzat esaten dute. -entzat, hemen sekula ez duguna erabili. Eta halako adibide dexente. Eta kontutan hartuta batuan onartuta daudela. Zer arazo dago? Argitaletxeak eta horiek guztiak Euskal Herri guztiarendako egiten dute. Normalean, batuan oinarrituta, eta batuko lexiko asko da gipuzkeratik-edo. Baina gero eta gehiago beste euskalkietatik hartzen ari da. Horregatik Etxarriko edozein haurrek urtxintxa erabiliko du barra-barra, eta, berriz, ez dugu erabiliko kattagorri. Eta biak onartuta daude. 

Nere ustean batukiak sortu behar dira. Sakanan modu batekoa izanen da, Burundan beste modu batekoa, Goierrin beste bat, eta horrela. Seinale ona izanen da, beti ere euskalkitik batura lortzen badugu aldaketa hori egiten. 

Hitanoari ere atal bat eskaini diozu. 
Toka eta noka. Atal horretan hitanoa eta alokutiboa gauza bera ez direla argitzen dut lehenengo. Bata besteari lotuta daude. Hitanoa da betik erabiltzen dugunean: hi, hik edo hiri zu, zuk edo zuri beharrean. Hau da, zu etor zara esan beharrean hi etorria haiz. Gauza da hitanoarekin hasten bazara alokutiboarekin segitu behar duzula. Eta alokutiboa zer da? Berandu etorri naiz. Hor ez dago ez hi, ez hik, ez hiri, ez zu ez zer ere. Ni dago. Hori esatea beste modu batean gizonezko edo emakumezko batekin: berandu etorri nok edo non esaten dugu Etxarrin. Hori alokutiboa da. Baina hi noiz etor haiz? Eta gero ni berandu etorri naiz gaizki dago. Hi noiz etor haiz? Garaiz etor nok/non esan beharko litzateke. 

Emakumezkoei eta gizonezkoei hitz egitekoak dituzte gure hizkerek. Normalean, gazte batek zaharrago bati ez dio horrela hitz egin behar. Gurasoei ezta ere. Ezkondu gabe zeudenean hiketan, eta ezkonduta zuketan. Edo haserretzerakoan norbaitekin hiketara pasatu, biziagoa delako. Etxarriko hitanoaren ezaugarriak jasoak nituen eta orain Sakana guztikoak jaso ditut. Hasi zen ikastaro bat. Onena hanka sartzen hastea da, eta erabiltzea. 

Eta bukatzeko testu konparazioa. 
Jose Luis Garmendia artzainaren bi pasarte xelebre hartu ditut. Batuan jarri nituen eta gero hiru hizkeretara pasata irakurri daitezke: Arruazukoa, Gorka Ovejerok egindakoa, Etxarri Aranazkoa neronek eta Urdiaingoa Mariano Galartzak. Horrela, ikusten da zer desberdintasun egon daitezkeen.

 

Egileaz
Jose Luis Erdozia Mauleon 1956ko garagarrilaren 21ean jaio zen Etxarri Aranatzen. Ondorengo unibertsitate ikasketak burutu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean: Geografia eta Historiako lizentzia (1981); Pedagogi gaitasun agiria (PEI-CAP; 1982); Ikastetxeen antolamendua, kudeaketa eta zuzendaritza graduondokoa (1992); eta, azkenik, Euskal Filologiako doktoregoa (2000). Irakaskuntza ertaineko irakasle lanbidean jardun du 35 urteaz (horietako ia 25  Aguraingo Aniturri BHIko zuzendaritzan), 2017ko ilbeltzean jubilazioa hartu zuen arte. 

Bestalde, euskaltzain urgazle izendatu zuten 2006an eta urte bat lehenagotik da Euskaltzaindiko Euskalkien Lantaldeko kidea. 


Aldizkari espezializatuetan (FLV, Euskera, ASJU, Príncipe de Viana, Cuadernos de Etnología y Etnofrafía) hogeita bost artikulu karrikaratu ditu eta zazpi liburu argitaratu dagoeneko, azken hauek guztiak Sakanako euskara eta toponimiari buruzkoak: Sakana erdialdeko euskara (2001, doktore tesia), Sakanako hiztegi dialektologikoa (2004), Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste (2004), Altsasuko euskara (2006), Sakanako hizkeren araberako idazkera batua (2007), Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala (2019), Lehengo haranez, Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak (2021, Nafarroako Gobernua), Arakil ekialdeko etxe-izenak historian barna (2021, Arakilgo Udala).