Pilota

Zabaletaren eta Elezkanoren bosgarren puntua

Guaixe 2021ko abe. 23a, 09:30
Zabaletak erabaki zuen atzoko partida.

Atzo, asteazkena, Arrasaten jokatutako partidan 12 eta 22 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Arangureni. Binakako seigarren jardunaldi honetan Ezkurdiak eta Martijak azken jardunaldiko joerari buelta eman nahi diote

Binakako Txapelketako seigarren jardunaldia martxan da. Atzo, asteazkena, Elezkanok eta Zabaletak Urrutikoetxea eta Aranguren izan zituzten aurkari Arrasaten. Parez pare aritu ziren bi bikoak, baina Zabaletak aginte makila hartu eta partida apurtu zuen. Azkenean, 12 eta 22 irabazita, Zabaletak eta Elezkanok txapelketako euren bosgarren puntua lortu zuten eta, atzera ere, sailkapenaren gorenean jarri dira. 

Seigarren jardunaldiak larunbatean izanen du segida, jardunaldi bikoitzarekin. Labriten, Ezkurdiak eta Tolosak Jaka eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari Iruñeko Bomboneran. Lehia estua aurreikusten da, Ezkurdiak joera ezkorrari buelta eman nahi diolako eta berak eta Tolosak bigarren puntua lortu nahi dutelako, txapelketatik ez erortzeko, baina asmo bera dute arerioek eta partida latza espero da. Eta Eibarren, Irribarria-Rezustak Laso eta Imaz izanen dituzte aurkari. 

Bukatzeko, igandean, Altunak eta Martijak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute Astelenan. Bi bikoak puntuen faltan larrian daude, eta orain arteko bolada txarrari bukaera eman nahi diote hil ala biziko partidan. 

Promozioa
Promozioko Binakakoan Bakaikoak eta Elizegik ikusgarri jarraitzen dute, jokatutako bost partidak irabazita. Larunbatean, Labriten, Egiguren V.aren eta Untoriaren kontra jokatuko dute.