Astekoa

Herrikoa bizitza

Ez pentsa, herrian bizitzeak baditu bere arau propioak eta zein diren jakitea lagungarria edo oztopoa izan daiteke herritarrondako zein herrira bizitzera etorri direnendako. Herrian, gutxi-asko gure istorioa, familia eta bestelakoak besteendako ezagunak dira. Esan genezake, hirian bizi direnekin alderatuta ñabardurak badirela, herrian (herriaren tamainaren arabera) gehienok elkar ezagutzen dugulako, badakigu halako ze etxetakoa den, non bizi den, herriko etxebizitzak ere neurri batean ezagunak ditugu eta gure inguruan bizi direnen inguruko informazioa izatea gustuko dugu. 

Sarritan denda eta tabernetan dauden hartu-emanen ondorioz eskuratzen dugu informazio hori, halakok non lan egiten duen, etorri berria nongoa den, non bizi den, eta abar. Asmo bereizirik gabe sortzen den jakin-mina. Batzuek pentsa dezakete kontrol sozialerako egiten dela, baina, esanen nuke, gehienetan helburua ez dela hori izaten. 

Halere, gaur egun, bizimoduan herrikook eta hiritarrok zenbait kontutan nahiko berdindu bagara ere, herrietako bizimoduek eta ohiturek badituzte zenbait ñabardura.

Horietako arau edo ohitura bat elkarri agurtzearena da, alegia, kalean elkarrekin gurutzatzen garenean agurtzea edo diosal egitea (nahiz eta, elkar ez ezagutu), elkarri begiratu eta agurtu, –egun on, epa, gero artio–, edo burua jaso edo eskua, edo dena delakoa. Horren inguruan izaten da nolabaiteko diskusioa, ez baitago ongi ikusia, oro har, herrian ez agurtzea. Kontu honek batzuetan kanpotik etorritakoei eragiten die, agian, halako ohitura dagoela ez dakitelako-edo. Eta, huskeria badirudi ere, gauza inportantea dela aditzen dut inguruan, eta, bidenabar lagungarria edo kontrakoa.

Sarrit pasatu zait burutik, akaso, harrera moduko zerbait egin behar ote ez zitekeen herriko ohituren berri emateko, apika, elkar ezagutzeko ere balioko lukeelako.

Hurrengo batean herriko bizitzekin jarraitzeko asmoz.