Ziklo-krosa

Aimar Tadeo eta Ekain Imaz, Nafarroako txapeldunak Iruñeko Ziklo-Krosean

Guaixe 2021ko abe. 23a, 12:30
Aimar Tadeo, Nafarroako txapelduna. UTZITAKOA

Aimar Tadeo proba irabaztear egon zen baina helmugara iristear katea atera eta ezin izan zuen garaipena lortu. Juniorreko Nafarroako txapelduna izan zen, eta Ekain Imaz kadeteen Nafarroako txapelduna, sailkapenean hirugarren

Igandean Iruñako CX Ziklo-krosa jokatu zen Lezkairun, 23 urtez azpikoen, juniorren, kadeteen eta master mailan. Junior mailan 2,5 kilometroko zirkuituari sei itzuli egin behar izan zizkioten txirrindulariek. Sakana Group-Aralar Taldeko Aimar Tadeo Arkauz garaipena lortzear egon zen, lehena baitzen, baina katea atera zitzaion eta ezin izan zuen helmugara lehena iritsi. Suministros Zadorra taldeko Beñat Fernandez de la Peña izan zen txapelduna (41:23), eta Aimar 31 segundora sartu zen, bigarren. Probako lehen nafarra izan zen, Nafarroako txapelduna. Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Unzilla laugarren iritsi zen, 2:33ra. 

Kadeteek, berriz, bost itzuli osatu behar izan zituzten eta Aranako taldeko Arkaitz Suso gailendu zen (31:31). Quesos Albeniz-Burundako Ekain Imaz hirugarren sailkatu zen, 1:08ra, probako lehen nafarra. Bere taldekide Iker Gomez hamargarren sailkatu zen, Iker Begiristain hamaseigarren eta Hegoi Garcia hemeretzigarren.