Kontseilu Sozialistak “biolentzia kapitalistari” aurre egitera deitu du

Guaixe 2021ko abe. 24a, 09:59
Etziko manifestazioan parte hartzera dei egin dute. UTZITAKOA

Igandean, 18:00etan, Altsasuko Foru plazatik manifestazioa abiatuko da. 

Sakanako Kontseilu Sozialistak “proletalgoak egunero bere haragitan jasaten duen biolentzia kapitalista” salatuko du igandeko mobilizazioarekin. Nabarmendu dutenez, “ezinbestekoa da basakeria hau gelditu behar dela ozen esatera kalera ateratzea. Proletalgoa guztiz zaurgarri gauden testuinguru honetan, antolakuntzaren bitartez soilik egingo diogu aurre biolentzia kapitalistari”. 

Deitzaileek indarkeria mota horren barruan sartu ditu besteak beste: zaintzan aritzen diren emakumezkoen “lan baldintza penagarriak”, espetxeetako egoera lazgarria, gosea, soldatapeko lanean hil egiten diren pertsonak (aurten Euskal Herrian gutxienez 60), erailketa matxistak (gutxienez 5), LGTB+ kolektiboko kide izateagatik jasan behar den jazarpena, bidean bizia galdu duten migranteak (gutxienez 7), etxegabetzeak (gutxienez 1000)…

Kontseilu Sozialistako kideen iritziz, “ezinbestekoa da horiek guztiak modu isolatuan ez ulertzea. Ez dira gehiegikeria edo zorte txarra, burgesiak eta honen babes funtzioa betetzen duen sozialdemokraziak saldu nahi diguten bezala. Gizarte kapitalistak martxan jarraitu bitartean ez dira desagertuko biolentzia kapitalistaren espresioak. Biolentzia kapitalista bortizkeria estrukturala baita”. Gaineratu dutenez, “krisi honetan, pobretze orokortuaren testuinguruan, aipatutako biolentziak gora egiten du”. Deitzaileendako horren adierazle dira: argindarraren prezioaren igoera, COVID-19 gestioagatik atzeratutako tratamenduak, kontrol sozialaren areagotzea, langabeziaren igoera, presoak bisitarik gabe egondako hilabete guztiak, pandemian %250a igo izana gazteen artean bere buruaz beste egiteko saiakerak (gutxienez 200)…